Gaur hasi eta uztailaren 6ra arte greba eginen dute Elizondoko Benito Menni ospitale zentroko langileek. Beraien egoera eta «baldintza txarrak» salatzeko antolatzen duten zazpigarren greba txanda da oraingoa. Grebarako arrazoi nagusien artean, zuzendaritzak azkenaldian hartutako erabaki desegokiak direla azpimarratu dute: «Zuzendaritzak Elizondoko zentroan hartu dituen erabakien ondorioz langileen baldintzak okertu egin dira eta erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua larriki kaltetua izan da».
Bertzalde, entzunak izateko ekintzak antolatuko dituzte. Gaur, 14:30ean, elkarretaratzea eginen dute ospitale zentroan, ekainaren 27an, aldiz, elkarretaratzea eginen dute Elizondoko plazan, 19:00etan, eta uztailaren 1ean berriz ere elkarretaratzea eginen dute goizeko hamarretan ospitale zentroan. Azkenik, uztailaren 3an, auto karabana eginen dute Elizondon barna, 19:00etan.