2024an energia komunitatearen eta proiektu fotovoltaikoaren inguruko interesa pizten hasi zen aniztarren artean. Bilkurak egiten hasi ziren eta informazio gehiago eskuratze aldera aholkularitza zerbitzu bat kontratatzea erabaki zuten. 2025ean frontoiko teilatuan eguzki plakak jarri zituzten eta Anizko Komunitate Energetikoa sortu zuten. Ordutik proiektuak ongi funtzionatzen duela ziurtatu dute herritarrek:«Momentuz energia komunitateak martxan duen proiektua eguzki plakena da, eta dagoeneko proiektu fotovoltaikoan sartuta dauden herritarrak hasiak dira fakturaren ordainketan abantailak nabaritzen».
Aste honetan, «aski tailer praktikoa» eduki zuten Leire Rosen, Nafarroako Gobernuak energia komunitateak laguntzeko asmoz kontratatutako teknikariaren eskutik. Formakuntzan argindarraren faktura nola leitu, kontsumo elektrikoaren gakoak zeinek diren ikasi, energia aurrezteko komenigarria dena aztertu, etab. ikasi zutela azaldu dute eta hemendik aitzinerat «ikasitakoaren arabera kontsumo ohiturak aldatzea» norberaren esku gelditzen dela aipatu dute.