Irurita-Artesiaga errepidea eta ‘Bidegabeko bidea’ eskultura ere memoria toki izendatzeko bertze pausu bat eman dute

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 20a, 11:30

Artesiaga gaineko 'Bidegabeko bidea' oroitarria memoria tokien sareko mapan sartuko du Nafarroako Gobernuak.

Ekainaren 19an bildu den Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak aldeko txostena egitea erabaki du foru sarean lau memoria toki berri sartzeko: Paternaingo trenbide-langileen hobien memoriala; Irurita-Artesiaga errepidea eta ‘Bidegabeko bidea’ / ‘El camino de la injusticia’ eskultura; Ibiriku Deierriko Vicente eta Maravillas Lambertoren monolitoak; eta Andosillako kasinoaren memoria-gunea. Azken lau horiekin, 28 toki lirateke Foru Legeak aitortutako kategoria hori dutenak Nafarroan. Horiei, laster, San Kristobal gotorlekua (Ezkaba) gehitu beharko litzaieke, Estatuarekin bukatzen ari den protokolo baten barnean.

Batzordeak, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok zuzenduta, aitzinera atera ditu akordio horiek Nafarroako Jauregian egindako bileran. Bertan, Nafarroako Memoria Historikoari buruzko bertze hainbat gai ere landu dituzte.

Memoria Tokien eta memoria guneen sarea

Orain arte, honako leku edo elementu hauek osatzen dute ‘Memoria tokien’ mapa (Memoria guneen sareak duen babes handiagoko kategoria): Sartagudako Memoriaren Parkea; Otsoportilloko leizea (Urbasa); Valcalderako korralea (Cadreita); Monreal/Eloko Telleriko hobia; Iberoko Hiru Gurutzeen gaina; Erreniegako hobiak; Etxauriko Memoriaren Parkea; Olabeko hobiak; GR-225 ibilbidea (San Kristobalgo ihesaren ibilbidea eta 'Askatasunaren botilak' proiektua); Igari-Bidangoze NA-2130 errepidea; emakumearen errepresioaren omenezko eskultura, 'Emakume biktimak eta erresistenteak', Azkoienen; Argaitzeko harrobia, Beran; German Rodriguezen omenezko hilarria eta 'Gogoan' eskultura, Iruñean (1978ko sanferminak); Elizondoko ‘Babesaren mugak’ eskultura, Baztanen; Atxiloketa Zentroen Memoriala (Iruñea); Iruñeko kartzela zaharraren atea; Lodosako plazatxoa; Urozko Memoria Parkea, Lizoain-Arriasgoitin; Larragako ‘Memoriaren alde’ eskultura; Loitiko Gainaren memoriala (‘Loiti, isilpeko hilerria’); Iruñeko Gaztelugibeleko monolitoa; Legarreako leizea, Gaztelun; Montejurrako monolitoa, Aiegin; eta Oroibidea ataria, estatu mailako dokumentazio-gune handienetako bat, formatu digitaleko memoria tokia. Horiei aitzinetik aipatutako lau tokiak gehitu beharko litzaizkieke, Gobernu Akordioan onartzen diren unean.

Nafarroa aitzindaria da Memoria Tokien deklarazio ofizialari dagokionez, lege espezifiko baten bidez. Era berean, Estatuaren eskumenen barrenean, aurreikusita dago San Kristobal gotorlekua Memoria Tokia izendatzea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun