Aroztegiko epaiketara sartzeko osatzen ari ziren jende zerrendan, taldeko partaide batek Baztango mutil dantzari talde baztertzaileko kide baten izena sartzea eskatu zuela azaldu du komiteak. Eta horrek hainbat arrazoiengatik ezinegona sortu zuela ere jakinarazi du: «Talde hau urte luzez emakumeak publikoki baztertzen eta haiei eraso egiten aritu da Baztango plazetan». Horrela, egoera «arduraz eta kolektiboki» aztertu ondotik, izen hori zerrendatik kanpo uztea erabaki zutela adierazi du eta erabakiaren zergatiak argi utzi ditu: «Erabaki genuen ezin zela onartu emakumeen kontrako erasoetan aktiboki parte hartu duen eta ez aitortzarik ezta erreparaziorik egin ez duen pertsona, guztiondako segurua izan behar zuen espazio batean egotea».
Behin erabakia jakinarazita, pertsona horren erantzuna «hausnarketa izan beharrean erasoa» izan zela salatu du komiteak: «Whatsappeko mezu batean gure taldeko bi kide publikoki seinalatu zituen, erabaki kolektiboaren erantzule bakar gisa aurkeztuz». Eta mezu horren kulpaz komiteak hartutako «erabakiaren zilegitasuna arriskuan» paratu zuela ohartarazi du. Gainera, horren segidan eraso gehiago gertatu zirela ere azaldu du, partaide bati etxera jazartzera joan baitzitzaizkion eta Whatsappetik irainak egin baitzizkioten.
Hala ere, jarrera erasokor eta ekintza erasotzaile hauen aitzinean Aroztegiko Elkartasun Komiteak taldekideenganako babesa erakutsi du eta isilik geldituko ez dela ziurtatu du: «Taldekideen aurkako eraso matxistak, gure talde osoaren aurkako eraso gisa entenditzen ditugu. Erasorik ez, erantzunik gabe!».