Baztandarren Biltzarra antolatzen duten elkarteko hainbat kidek eta Garaxi Gartziak, kartelaren egileak, parte hartu zuten ekitaldian. Aurtengo kartelaren diseinua plazaratu zuten eta horrekin batera elkarteko kideek Baztandarren Biltzarra geroz eta hurbilago dagoela gogorarazi zuten.
Elkarteak bertzalde, besta honek bere baitan hartzen dituen balioak oroitarazi nahi izan zituen: «Bertze urte batez bizirik dirauen besta honetan azpimarratzekoak dira elkartasuna, auzolana, eta nola ez euskara. Baztango jendeak euskaraz bizi nahi dugulako, gure lurra eta ingurua maite dugulako eta herritik herriarentzat sortzen dugulako». Eta Gartziak berak ere balio horiekin bat egiten duela argi utzi zuen, bere lana balio horietatik eta batez ere elkartasunaren ideiatik sortu duela azaldu baitzuen: «Baztandarren Biltzarra Baztan guztia batzen garen egun bat da eta hori da nik kartel honetan adierazi nahi izan dudana».
Elkarteak joan den urteko bide beretik aurten ere besta seguruago baten aldeko apustua eginen duela aipatu zuen eta, horretarako, herritarren konpromisoa ezinbertzekoa dela ohartarazi zuen:«Denen artean nahi dugun Baztan euskalduna eta konprometitua eraikiko dugu».
Azkenik, elkarteak baztandar guztiei baserritar jantziei hautsa kentzen hasteko deialdia egin zien.