Joan den urtean abiatu zuen Baztango Udalak mugikorretarako aplikazio bat martxan jartzeko proiektua. Helburua «udalaren eta herritarren zein herriko eragileen arteko bidea modu eraginkorragoan eta gardenagoan egitea» du, eta dagoeneko martxan dute.
Aplikazioak, udalaren atalaz gain, Baztango elkarte eta eragileendako lekua izanen du, eta bertan albisteak, agenda, jakinarazpenak, sare sozialak, inkestak egiteko aukera… izanen da. Eremu hori elkarte eta eragileek kudeatuko dute.
Hurrengo pausoa aplikazioaren hezurdurari eta funtzionamenduari buruzko azalpenak ematea izanen da, eta horretarako eragile eta elkarteei zuzendutako saioak eginen dituzte. Bi hitzordu izanen dira heldu den astean, ekainaren 18an, asteazkena, 18:00etan eta 19an, ortzeguna, 09:00etan. Udaletxeko lehenbiziko solairuko batzar gelan izanen dira, eta saio bakarrera edo bietara bertaratzen ahalko da.