Herri berde eta bizigarriagoak ekimenarekin, Baztango Talde Ekosozialak Baionarat ateraldia antolatu du ekainaren 21ean. Bertan ingurunea hobetzeko, biodibertsitatea zaintzeko eta klima aldaketara moldatzeko egin diren proiektuak ezagutuko dituzte.
Horretarako, larunbatean 09:30ean Elizondoko plazan geldituko dira Uztaritzeraino autoz joateko. Bertatik bizikletan eginen dute Baionarako 10 kilometroko bidea, Errobi errekaren bazterretik.
Baiona ere bizikletaz ikusiko dute, eta lehenik Baiona Ttipirat abiatuko dira, Simon Veil eskola ondoko lorategia ikusteko. Handik, Joan Arc-ekoaren eskultura duen lorategiko landare hesiak bisitatzera joanen dira, eta ondotik Thiers karrikarat. Izan ere, karrika horretan aldaketak egin dituzte trafikoa moteltzeko, elkarbizitza gunea sortzeko eta freskura uharte bihurtzeko.
Ondotik, katedralaren ondoan Jasone Salaberria plaza-baratzea bisitatuko dute, eta segidan Tarrides ibiltokiko lorategietarat eta Marraq auzorat. Inguru horretan ere Carré Untza eraikina ikusiko dute, eta gero ospitale ingurune berriturat joanen dira. Akitzeko, Avironen errugbi zelai gibeleko platanondoak ikusiko dituzte, eta astirik izanez gero, Ansoteko hezegunean ere geldialdia eginen dute.
Ibilaldia egun guzikoa izanen da eta bakoitzak bere bizikleta eraman beharko du, hortaz, parte hartzaileen eta bizikleten garraioa antolatze aldera, aitzinetik izena eman beharko da baztanekosoziala@protonmail.com helbiderat idatziz.