Piano kontzertu solidarioa eginen dute igandean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 13a, 09:00

Minbizi metastasikoaren ikerketaren aldeko emanaldia izanen da, eta ezohikoa den pianoa lau eskutara aditzeko aukera izanen da.

Baztango Udalaren laguntzarekin, piano kontzertu solidarioa antolatu dute Josune Cordoba, Amaia Cordoba, Ion Irazoki, Aritz Estibez eta Beñat Olaizola musikariek, Goretti Anzizar abeslariarekin batera. Ekainaren 15ean 18:30ean Arizkunenean izanen da emanaldia eta azaldu dutenez, «lagunarteko elkartasun kontzertua da, pianistak eta abeslaria, minbizi metastasikoa duen bat tartean».

Sarrera debalde izanen da eta kutxa bat paratuko dute jendeak borondatea emateko. Bildutako dirua Navarrabiomed biomedikuntza ikerketa zentrora bideratuko dute, minbiziaren ikerketa laguntzeko.

Guztira 11 kanta joko dituzte: The little negro. Cake walk; Vals de la Suite La bella durmiente; Tico tico non fubá; Ostatuko neskatxaren koplak; Suite de valses; Salut d’amour; Marcha Radetzky; Haurtxoa sehaskan; Tango "El choclo"; Cantina band (Star Wars); eta Galop. Gainera, «ohikoa ez den pianoa lau eskutara entzungai izanen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun