1925eko ekainaren 21ean inauguratu zuten Elizondoko Santiago apostoluaren eliza berria. Izan ere, lehen, eliza Jaime Urrutia karrikan zegoen, herriko plazaren ondoan eta Arizkunenearen parean, hain zuzen ere.
Elizaren eraisketa
Fernandezen ikerketaren emaitzak bildu duenez, Baztango eliza nagusiak XVI. mendearen akabailean eraiki zituzten, gerrak akitu ondotik biztanleriak goiti egin eta izandako garapen ekonomikoaren ondorioz: Zigan, Gartzainen, Lekarozen, Iruritan, Berroetan, Amaiurren, Arizkunen, Arraiozen… eta baita Elizondon ere.
Zehazki, bertako hargin familia batek egin zituen lanak; dokumentazioaren arabera, 1587an Juan Martinez de Leizagoyenek obrak kontratatu zituen, Juan de Leizagoyen aitaren lanari segida emanez. Garai hartan nagusi zen Errenazimentuaren estilo manieristari segituz eraiki zuten eliza, eta hori altxaeretan eta arkitektura eta dekorazioko elementuetan ikus zitekeen. Horien artean, bobedak nabarmentzen ziren.
1913ko ekainaren 2ko uholdeak kalte larriak eragin zizkien Jaime Urrutia karrikako eraikinei, tartean elizari. Barnean urak hiru metroko altuera hartu zuen, eta lohiak metro batekoa. Hala ere, eta aunitzek uste dutenaren kontra, Fernandezek argitu du «hori ez zela izan eliza zaharra eraitsi eta berria eraikitzeko arrazoia». Izan ere, uholdeak sortutako kalteak modu eraginkorrean konpondu zituzten 1913an eta 1914an, 29.549 pezetako kostuarekin.
Eliza eraisteko erabakia On Maurizio Berekoetxea Oskozek hartu zuen, garai hartako apezak. Elizondok orduan 1.600 biztanle inguru zituen, eta «elizaren toki falta» argudiatuz hartu zuen erabakia. 1917 eta 1918 urteen artean eraitsi zuten eliza zaharra, eta aldi berean hasi zuten berriaren eraikuntza. Lanak ia akituak ziren 1922an, baina ezkerreko dorrea egiteko diru faltagatik gelditu zituzten, eta Braulio Iriartek ordaindu zuen. Ondotik erretaula nagusia, organoa eta beirateak paratu zituzten, lanak 1925era arte luzatuz. Guztira, 909.246, 95 pezetako kostua izan zuen, diru kopuru izugarria orduan.
Inaugurazioa ekainaren 21ean izan zen, igandearekin. Lehenbiziko elizkizuna publikorik gabe egin zen, eta bertan parte hartu zuten herriko apezak, Vatikanoko ordezkari zen Federico Tedeschinik, Iruñeko eta Oviedoko gotzainek eta eskualdeko apez eta agintari zibilek. 12:00etan, berriz, ateak ireki zituzten mezarako eta herritarrek eliza bete zuten, hainbertze kanpoan geldituz.
Mendeurrenaren ospakizuna
Elizaren 100. urtebetetzea gogoan, Pello Fernandez Oiaregi historialariak Elizondoko ondare artistiko erlijiosoa liburua aurkeztuko du ekainaren 13an, 20:00etan Parrokia aretoan. Herriko ondare erlijiosoaren azterketa historiko eta artistikoa da, eta Maurizio Berekoetxea Oskozen figura landu du bertan. Lehenagoko eliza eta eliza berria ditu mintzagai, baina baita San Pedro eta Santa Engrazia ermitak, hilerria eta Aste Santuko prozesioa ere. Liburuaz gain, ekainaren 20an, ortziralea, eliza ezagutzeko bisita gidatua eginen du 20:00etan.