Amatasuna hizpide, Baztango Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun Zerbitzuak AMArtean zikloa martxan jarri dute, eta ekainaren 12an izanen da hurrengo hitzordua; Ama ta Asunak izeneko sei obra grafikoko erakusketa eta dokumental baten proiekzioa aurkeztuko du June Baonza Pagaldai artistak. Ortzegunean 17:30etik 20:30era bitartean izanen da, Arizkuneneko hirugarren solairuan. Arratsalde osoan ikusi ahal izanen dira obrak eta proiekzioa, baina artista 17:30ean izanen da bertan.
Ama ta Asunak
Lanak amaren eta alabaren arteko harremanari begirada intimoa eta poetikoa eskaintzen dio. Bere lentearen bidez, haurtzarotik eratzen ditugun loturei, heredatzen ditugun ikaskuntzei eta emakumeen belaunaldien artean partekatutako isiluneei buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzten keinuak, begiradak eta uneak atzematen ditu Baonzak.
Erakusketa honen indarra aldi berean sentiarazteko eta pentsatzeko duen trebetasuna da. Gogorarazten digu amaren zaintza eta maitasuna ez direla ideia abstraktuak bakarrik, baizik eta egunez egun, itzalean eta itzaletik aunitzetan, eraikitzen diren errealitateak. Irudi horien bidez, amatasuna irudikatzeko modu tradizionalak ere zalantzan jar ditzakegu, eta narratiba berriak zabaldu bazterretatik.
Amatasunak, bizitzako edozein esperientziak bezala, ikuspegi desberdinetatik begiratzea merezi du. Horrelako erakusketek egoteko eta harremanak izateko moduak aztertzeko eta eraldatzeko aukera ematen dizkigute. Ez da beharrezkoa aldez aurreko ezagutzarik izatea bertaratzeko, begiratzeko eta zirrara eragiteko gogoa baino ez.