Duela 25 urte sortu zenuten Baztango Gaitarien taldea. Nola hasi zen dena?
Baztango Gaita dantza hilzorian zegoela ikusita, bertako folklorearekin konprometituak ginen txistulari gazte talde batek berreskuratzeko ahalegina egitea erabaki genuen. Horretarako, klaseak hartu genituen Tomas Diaz Peñalva gaitariarekin eta herriz herri joan ginen dantza erakusten eta gaitarekin jotzen. Lau laguneko taldea ginen hasiera hartan.
Eta nola aldatu da taldea urteekin?
Orain, Baztango Gaita ez ezik, dianak, erraldoiak, dantza herrikoiak, kalejirak… egiten ditugu herriz herri, Baztanen eta kanpoan ere. Taldea handitu egin da gaita eta atabal eskolari esker, eta gazteen bultzadari esker erraldoi bikote bat egin genuen, inguruko herrietan ateratzeko.
Zer du berezi gaitak?
Soinu bizi eta berezia dauka; batzuk betiko lotzen gaitu eta bertze batzuei, aldiz, kontrakoa eragiten die. Ikasteko, musika tresna gogorra da eta jende aunitz gelditzen da bidean, baina horrek bereziago egiten du.
Zuen helburua Baztango Gaita berreskuratzea zela diozue. Noiz desagertu zen?
Baztango Gaita ez zen guztiz galdua, izan ere, 1974 urtetik aitzinerat Arizkungo herriak mantendu du gaur egunera arte, batez ere herri horretakoak zirelakoz soinulariak. Javier eta Patxi Larralde aita-semeak dira gaur egun Baztango Gaita bizirik egotearen arduradun nagusiak. XX. mende hasieran gaitari aunitz etorri ziren Baztanerat eta gazteek gustukoak zituzten beraien ahaire berriak, baina dantza lotuen kontrakoek kezkaz ikusten zuten gertatzen ari zena. Hortaz, dantza erraz eta polit bat asmatu zuten, ahaire berri horiek erabiliz eta dantzarien arteko distantzia mantenduz. Aita Hilario Olazaran izan zen ideia horren bultzatzaile nagusia. Joxe Telletxea eta Antonio Elizalde beren errekintoekin arduratu ziren dantzaren hedapenaz, igandeetako ttunttunetan. Gaur egun dantza suite bat bihurtu da, 1974an eman zen berreskurapenaren ondorioz.
Helburu hori bete duzuela erranen zenuke?
Hein handi batean, bai; sei herritako besta programazioan Baztango Gaita urtez urte errepikatzen da, baina zenbat urtez iraunen duen, ikusteko dago. Gaitak bere txokoa lortu du herri batzuetan, eta musika tresna bezala orain indartsu dago orokorrean, batzuetan txistuaren kalterako. Garrantzitsua da txistuak bere espazioa ez galtzea. Udalaren kultur politikak arras beharrezkoak dira Baztanen, dantzek modu duin batean irautea nahi badugu behintzat. Gaur egun, Baztango dantzen iraupena Jo al Jo elkarteko zenbait azpitalderen esku dago, hori da errealitate gordina.
«Baztango dantzek irautea nahi badugu, kultur politikak behar ditugu»
Lan handia izan da gaita orain dagoen lekura ekartzea?
Egia erran, bai. Konpromiso handia eskatzen du eta traba handiak izan ditugu batzuen aldetik. Baina eguneroko lan eta konstantziari esker fruituak ailegatu dira eta horrek aitzinerat egiteko indarra ematen digu.
Lan horren emaitza 2022an publikatu zenuten 'Espartinen ahaireak' disko liburuan bildu duzue. Nola harrera izan du?
Harrera arras ona izan du, bai Baztanen eta baitan dantzaren inguruko jendearen artean ere. Lan serioa da, urteetako ikerketa baten emaitza, eta gu arras kontent gaude egin dugun lanarekin. Prozesua ikasketa bat izan da eta orain kontzientzia gehiagorekin joaten gara plazarat Baztango Gaita jotzera. Batzuetan, dantzarekiko kariño falta nabaritzen dugu musikari eta dantzari batzuen artean, eta pena da.
Baztandik kanpo ere herriz herri ibiltzen zarete, ezta?
Eskualdeko herrietan urteak daramazkigu: Doneztebe, Donamaria, Legasa… eta Gipuzkoan aunitz jotzen ari gara momentu honetan. Euskal Herritik kanpo, Kataluniako Vaquerisses herrirat 15 urtez segidan joan gara eta Errioxako Cervera del rio Alhaman 400 urteko antzinatasuna duen bertako dantza jotzen dugu herriko bi bestetan.
Aunitzetan, gainera, erraldoiek lagunduta…
Gaita eta erraldoiak ezin dira bat bertzea gabe ulertu, eta aunitzetan erraldoi artean ibiltzen gara. 2018an gure erraldoiak egin genituen eta horiei esker jende aunitz dantzan jarri dugu Baztango herrietan.
Gaita eta atabal eskola ere sortu zenuten. Jende aunitz ibiltzen da?
Baztango gaita eta atabal eskola errotua dago duela urte batzuk. Tomas Diaz Txino eta bere semeak Shantik urte kuadrilla daramate klaseak ematen Baztanen eta Beran eta jende andana pasatu da eskolatik. Gaur egun, Enaitz Goñi eta ni neu aritzen gara klaseak ematen Tomas eta Shantirekin batera.
Horri esker, gaitari taldeak sortu dituzte hainbat herritan, ezta?
Bai, Baztango gaita eskolatik musikari ugari atera dira eta, baita gaita talde berriak sortu ere: Lesakakoa, Erratzukoa, Baztanibar Gaitariak, Amaiurkoa, Oronoz-Mugairikoa eta Berakoa.
Taldearen 25. urteurrena ospatu zenuten Elizondon. Zer moduz joan zen?
Egia erran, egun zoragarria pasatu genuen gure lagunez inguratuta, herritarren babesa hartu genuen eta hunkigarria izan zen. Eskerrak eman nahi dizkiegu topaketan parte hartu zuten guztiei!
Zein asmo dituzue etorkizunerat begira?
Gaitaz gozatzen segitzea dugu asmo nagusia, lagun artean, giro onean, inongo helburu zehatzik gabe.