Baztan Haur Eskolako eta Amaiurko Agerrea museoko eta harrera guneko lanen lizitazioa egin du udalak

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 6a, 16:00

Amaiurren harrera gunea eginen dute herriko sarreran. Irantzu Pastor.

Bi lanek 600.000 euro baino gehiagoko inbertsioa suposatuko dute eta enpresa interesatuek ekainaren 22ra arte egiten ahalko dituzte eskaintzak

Baztango Udalak bi obra garrantzitsu egiteko lanen lizitazioa zabaldu berri du.

Alde batetik, Baztan Haur Eskolako teilatua berritzeko lanak eginen dituzte. 405.000 aurrekontua izanen dute, BEZa eta proiektuaren idazketa eta obra zuzendaritza barne. Horretarako, udalak 350.000 euroko dirulaguntza jasoko du Nafarroako Gobernutik. Hiru hilabeteko exekuzio aldia izanen dute lanek, eta interesa duten enpresek ekainaren 22ra arte (barne) aurkez ditzakete eskaintzak. Lizitazioaren informazioa ikusteko egin klik hemen.

Bertzetik, Baztan-Bidasoko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planean (HJTP) sartutako Next Generation dirulaguntzekin, Amaiurren bertze inbertsio baterako lizitazioa ere zabaldu du udalak. Agerrea etxean bisitariendako harrera, interpretazio eta ikerketa zentro bat eginen dute eta herriko sarreran dagoen partzela bat egokituko dute harrera gune gisa. 213.798,62 euroko inbertsio totala eginen da eta % 100ean diruz lagundua egonen da.

Lizitazioa bi lotetan atera da. Batetik, Agerrea etxeko egokitzapen lanak egiteko, materialaren aurrekontua 134.770,82 eurokoa izanen den (BEZ kanpo). Bertzetik, herri sarrerako harrera gunea egokitzeko, materialaren aurrekontua 31.838,58 eurokoa da (BEZ kanpo). Sei hilabete izanen dira lanak egiteko, eta interesa duten enpresek ekainaren 22ra arte (barne) aurkezten ahalko dituzte eskaintzak. Lizitazioaren informazioa ikusteko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun