Ekainean sartuta, «ikasturteari akabaila ematen ari garen honetan Lekaroz BHI ikastetxean, 2. DBH mailako Baztan Zaindu proiektuan sortutako produktu edo jardueren erakusketa bat paratu dugu ikastetxeko pasilloetan». Izan ere, «1. DBHtik 3. DBHra, Baztandik abiatuz, hainbat proiektu egiten ditugu: 1. mailan Baztan Ezagutu, 2. mailan Baztan Zaindu eta 3. maila Baztan Anitza».
Baztan Zaindu erakusketan hainbat ikasgaietan sortutako lanak dituzte ikusgai: «Teknologian material birziklatuekin egindako sormen lanak (lanpara bat, itsasontzi bat, billar jolasa, litxarreriak ematen dituen makina...). Matematikako departamentuan Baztango hiztegiaren inguruan egin dute ikerketa eta gero hauekin grafikoak eta esaldiak sortu. Fisika-Kimika ikasgaian Talde Ekosozialaren proposamena hartu eta orri markatzaileak sortu dituzte Aldaketa klimatikoaren gaian oinarrituz. Gorputz Heziketan, Egun bat frontoian ekimenean ikasleek sortutako tresnekin bertako pilotan jostetan aritu dira. Azkenik, Gizarte eta Plastika ikasgaiak elkarlanean, Baztan Erdi Aroan eta Aro Modernoan gaia landu dute txango baten bidez eta gero ikasleek taldeka sortutako bidaiariaren koadernoen bidez».
Erakusketa Baztan Anitza gaiarekin lotuta, 3. DBHko Marrazketan egindako lanak jarri dituzte ikusgai. Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren arroparen kontsumoaren inguruko erakusketa ere paratu dute ikastetxean, Baztango Hondakin Zerbitzuaren ekimenez.