Mutil dantzetako baztertzaileak aitortza eta erreparazioa egitera gonbidatu ditu Plazara Dantzarak

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 6a, 11:30

«Azkeneko bi urteetan ez da dantza baztertzailerik izan» ospatu du taldeak, «baina horrek ez du erran nahi eraso eta bazterketa horiek gauzatu zituztenek bat egiten dutenik gure lorpenekin»

Herriko bestekin batera hasi da mutil dantzen sasoia Baztanen, eta dantza parekideen aldeko Plazara Dantzara taldeak adierazi duenez, «gaurgero Iruritan izan dugu plaza libre batean dantzatzeko aukera. Urteak dira plaza parekideen aldeko borrokan hasi ginela eta argi dugu denen lorpena izan dela bazterketekin akitzea: dantzariena, musikariena, publikoarena, erakusten dutenena, ikasten dutenena… Denen artean Baztan parekideago bat lortu dugu».

Hala ere, «hori ez da aski. Dantzetan bazterketarik eta erasorik ez egoteak ez du erran nahi eraso eta bazterketa horiek gauzatu zituztenek bat egiten dutenik gure lorpenekin. Bertzerik gabe, plazetatik desagertu dira, baina ez gizartetik. Dantzatzeari utzi diote, mutil dantzari prestigioa galarazi nahian».

Bazterketarekin akitu zuela ospatu zuen urtean, taldeak prentsaurrekoa eman zuen gonbidapen zehatz batekin: «oroitu, sendatu eta dantzatu. Denborak minak desagerrarazten dituela sinesteak kalte bertzerik ez dio eginen sendatze prozesuari, eta horregatik da inportantea memoria ariketa bat egitea, bizipenak gogoratzea eta sendatzeko bidea abiatzea aitortuz eta erreparatuz, berriz gerta ez dadin».

Hori dela eta, «gonbidatu nahi ditugu urteetan bazterketa gauzatu eta talde erasotzaile baten parte izan diren horiek, feministendako seguruak diren espazioetan parte hartu nahi badute, lanketa zintzo eta erreal bat egitera, ez zuriketa bat. Aurtengo M8an Elizondon gertatu bezala, feministei eskainitako eremu batean baztertzaile bat eroso sentitzea ez da lanketa erreal eta zintzo baten emaitza. Militante feministendako espazio seguruak izateko berme minimoak behar dira».

Horrez gain, salatu dute «eraso hauek egin zituztenen partetik berriz jasan ditugu erasoak. Berriki gure bi kide sare sozial batean seinalatu dituzte, erabaki kolektibo baten erantzule gisa. Emakume hauek emakume gaizto eta agintari gisa seinalatzeaz gain, kolektiboari zilegitasuna kentzeko intentzio nabarmena erakutsi dute. Urteetan egindako kaltearen ardura hartu beharrean, erasotzaileak berriz ere bere burua biktima gisa aurkeztu nahi izan du».

Argi gelditu da «oraindik bidea egitekoa dela. Horregatik gonbidatu nahi dugu berriz ere prozesu sendatzaile hori martxan paratzera, aitortza eta erreparazioa eginez, modu indibidualean edo kolektiboan. Publikoki sortu zen talde baztertzailea, publikoki desegin beharko litzateke. Publikoki egin diren erasoen aitortza ere publikoki onartu eta erreparatzeko bidea egin beharko litzateke: mina aitortu eta taldeari bizkarra ematea. Hau da momentua aitzinerat segitzeko, iragana erre eta etorkizuneko bestak berdintasunean eta feminismoan eraikitzeko. Baztan gero eta anitzago batean, plazara dantzara!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun