Osasun etxeak «momentu honetan hiru mediku dituen arren, bik ez dute familia medikuntza espezialitaterik eta ez dakite euskaraz; hirugarren medikuak espezialitatea du, eta euskara ikasten ari da. Pediatria zerbitzuari dagokionez, aspalditik plaza erdi bat bete gabe dago oraindik».
Dela 15 urte «gobernuei abisatu zitzaien gaur egun baden mediku eskasia izanen zela, eta gaur bizitzen ari garen egoera aurreikuspen falta horren ondorioa da. Historia pixka bat eginez, 2021eko irailean Sindikatu Medikoak lehenengo elkarretaratzea antolatu zuen. Urte bereko urrian, herritarrak ere osasun etxeko aitzinean elkartzen hasi ziren. 2022ko maiatzean familiek zazpi hilabete zeramaten pediatrarik gabe».
2024ko maiatzean «bi mediku titularrek bere plaza utzi zuten, mediku bakarra geldituz 4.000 biztanlerendako. Uda horretan paziente ugarien erreklamazioak jaso ziren. Irailean Elizondo-Elbete medikurik gabe gelditu zen. Osasungintzako langileak egoera salatzeko prentsan atera ziren, eta Baztango Osasun Plataforma sortu zen, manifestazio bat antolatuz. Hilabetero herritarrei elkarretaratzeko deia egin zaie, arras erantzun ona izanik. Urrian bi mediku sartu ziren, familia medikuntzako espezialitaterik gabe».
Aurten, «otsailean, oposizioetan hiru plaza eskaini ziren, hiruak hartu ziren, baina bakarra osatu zen. Apirilean Arizkungo medikua jubilatu zen, eta Elizondon plaza hartua zuen medikuak, uko egin, eta Arizkungo plaza eskuratu zuen. Gaur egun, Elizondo-Elbetek hiru mediku ditu».
Egoera hobetu nahian, Osasun Kontseilua Nafarroako Gobernuarekin biltzen da sei hilabetean behin. Fernando Anbustegi kontseiluko lehendakariak azaldu zuenez, «aurtengo lehen bilera azken orduan bertan behera utzi zuen gobernuak». Hori dela eta maiatzaren 23an bildu zen kontseilua, «eta bilkura hastear zegoela jakinarazi zitzaigun Ana Puig ez zela heldu, bajan zegoelakoz. Bere laguntzailearekin egin genuen bilera, baina bilduta ginen guztiekin izan zuen errespetu falta adierazi genion. Kontseiluaren kexa formalki adierazi diogu Osasunbideari». Hurrengo bilkura azaroaren 11n izanen dute.
Azkenik, ikasturte berria abiatzean berriz ere bilduko direla jakinarazi du Baztango Osasun Plataformak, beraz, heldu den iraileko lehenbiziko asteazkenean eginen dute hurrengo elkarretaratzea.