Bazkarirako eta bertso saiorako sarrera denak aspaldi salduta egin zuten larunbatean Señora Sariketaren finala. Lehen kanporaketatik sailkatutako Malen Altzuart eta Amaia Elizagoien, bigarrenetik sailkatutako Irati Lazkano eta Joane Aldalur eta ohorezko gonbidatu Rosi Lazkano eta Kristina Mardaras aritu ziren kantuan.
Antolatzaileen hitzetan «saio ederra» izan zen, eta azkenerako baztandarrek lortu zuten pamela. Iazko pameladun Jone Uriak paratu zien pamela aurtengoei.
Bihotza gehien ukitzen dien bertsolariari Tokadu saria ematen diete epaileek. Aurten, Irati Tolosak, Joane Aldalurrek, Rosi Lazkanok eta Kristina Mardarasek txandakatu egin beharko dute saria, bakoitzari hiru hilabetez ematea erabaki baitzuen epaile taldeak. Iazko tokadu sariaren irabazle Eukene de los Airesek eman zien saria.