Baztango Osasun Plataformak bizikleta martxa eta elkarretaratzea eginen ditu asteazkenean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 2a, 09:30

Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko osasun zentroen «egoera tamalgarria» salatzeko eta «osasun sistema publiko, duin eta euskalduna» eskatzeko bilduko dira ekainaren 4an. 18:15ean bizikleta martxa abiatuko da Elizondoko plazatik eta 19:00etan bertara bueltatu eta elkarretaratzea eginen dute.

Joan den irailean egindako manifestazio jendetsuaz geroztik, hilabetero bildu da Baztango Osasun Plataforma, eta ekainekoa izanen dute ikasturteko hondarreko elkarretaratzea. Izan ere, «manifestazioaren ondotik hobekuntzarako keinu ttikiren bat egon bazen ere, gaur da eguna Baztango anbulatorioetako egoerak tamalgarria izaten segitzen duena. Ratioak erabat bete gabe, eta betetzen direnean ere, egoera prekarioan eta inolako egonkortasunik gabe. Batzuk espezialitaterik ez dutenak eta euskararik ulertzen ez dutenak gainera». Udari begira, «ezin gara baikorrak izan oporraldien ordezkatzeari dagokionez».

Azaldu dutenez, hauxe da egungo egoera: «pertsona batek, hasiera batean, Elizondoko plaza hartu zuen, baina Arizkungo medikua jubilatzen zelarik ikusita, Arizkungo plaza hartu zuen. Elizondon irailetik dagoen pertsonak segitzen du, eta lehen egondako bertze bat etorri da, baina kontratuak maiz berritzen dizkiete. Azkenik, bertze batek lanaldi murriztua hartu du, astean 2-3 egun kontsulta pasatzen. Hutsunea momentuz bete da, prekarioki. Udaren atarian, ez dakigu zerbitzua nola bermatuko den». Hori dela eta, «mobilizatzen segitzeko beharra» nabarmendu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!