[GUTUNA]: Lanbide Heziketa Oronozen: gaizki pentsatzeko arrazoiak

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 1a, 11:00

Oronozko Lanbide Heziketa eskola berriaren inguruan «lorpen garrantzitsuak» egin badira ere, Erdi Mailako Natur Inguruneko eta Aisialdiko Gidari Zikloa arriskuan ikusten dute. Oronozko Lanbide Eskola Berria Orain! Batzordearen izenean, hala diote Martin Berrizbeitia, Iraia Olabe eta Ioseba Aranibarrek idatzi honetan.

Duela aste batzuk, Oronozen LHko zentro berria eraikitzeko akordioa sinatu zen; Baztan-Bidasoko eskualdearentzat lorpen garrantzitsua zalantzarik gabe. Hau horrela, pentsa daiteke Hezkuntza Departamentuarekin izan dugun eztabaida amaitu dela.

Kontrara, departamentuak erabaki harrigarri bat hartu zuen proiektua diseinatzerakoan. Erdi Mailako Natur Inguruneko eta Aisialdiko Gidari Zikloa eskola berriaren eskaintzatik kanpo geratzen da, eta Lekarozko institutuan birkokatuko da.

Ezinbestean, erabaki honen gaineko zalantzak eta galderak sortu zitzaizkigun: zergatik ateratzen dute hezkuntza eskaintzatik urtero matrikula betetzen duen ziklo bat? Zentzurik badu Lanbide Heziketako ziklo bat bere ikastetxetik banandu eta bakar-bakarrik DBHko institutu batean kokatzeak?

Esperientziaz badakigu lanbide eskola batean integratua ez dagoen ziklo bat baldintza okerragotan egoten dela (baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak), eta askoz ere ahulago.

Susmo txarrak are gehiago handitu ziren Hezkuntza Departamentuak uko egin zionean kirol zikloa Oronozen ia inolako gainkosturik gabe txertatzeko eskaintzari. Baztango Udalarekin solas eginda, ikasketa hauek eskola berrian gauzatu ahal izateko instalazio ia guztiak bermatzeko prest zegoen, Hezkuntzaren gain gela bat eta 120m2ko estalpe bat geldituz. Beraz, departamentuak instalazioen inguruan ematen dituenak, arrazoiak baino gehiago, aitzakiak dira.

Zentzugabekeria eta entzungor egite honen aurrean, gaizki pentsatzen hastea ez da arraroa. Muturra okertzera garamatzaten datu batzuk ere hor dauzkagu:

Ez da kirol zikloak Nafarroako «periferiatik» ezabatzeko egiten den lehen saiakera: duela urte gutxi Altsasuko kirol ikasketak desagertu ez zitezen borroka egin behar izan zen, eta Lekarozko kirol zikloa ere desagertzeko puntuan egon zen. Gardentasunik gabe jokatzen du departamentuak; iraganean bezala, interesatzen ez zaizkion ikasketak kentzeko trikimailu baten aurrean egon gaitezke.

«Ez da kirol zikloak Nafarroako 'periferiatik' ezabatzeko egiten den lehen saiakera»

Bertzetik, sektorean gertatzen ari den pribatizazioak kezkarako motiboak ematen dizkigu. Azken urtean ikastetxe pribatu berriak sortu dira han eta hemen. Kirol zikloak eskaintzen dituzten zentroak, denak gazteleraz. Ikasleek 4.500 euro ordaintzen dute ikasturteko, erdi mailako ziklo bat ikastea urrearen prezioan ordainduz. Negozio borobila batzuentzat, poltsikoan zuloa besteentzat. 2021etik hona Espainiar estatuan dauden LH ikastetxe pribatuen kopurua laukoiztu egin da.

Azken datu argigarri bat: 25-26 ikasturtean erdi eta goi mailako eskaintza publikoaren % 12,6 bakarrik izanen da euskaraz. Hara non, kolokan dagoen zikloa urtero urtero 44 ikasle euskaraz ikastera ekartzen dituena da. Baztan-Bidasoko ikasle euskaldunak, baina baita Iruñerritik eta bertze herrietatik heldu diren ikasle euskaldunak ere.

«Kirol zikloa Baztandik desagertzen bada euskararen kaltean izanen da»

Argi daukagu, kirol zikloa Baztandik desagertzen bada euskararen kaltean izanen da; eta ikasketen zentralizazioaren eta pribatizazioaren mesedetan. Adi egonen gara, ez dugu gibelera pausorik onartuko!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun