Joan den larunbatean Nor bizi da Izpegiren bertze aldean? topaketaren laugarren edizioa egin zuten Izpegin. Baztango Udalak eta Baigorriko Herriak antolatu zuten jardunaldia, bi udalerrietako gazteen arteko harremanak sendotzeko helburuarekin.
Historiaurrea izan zen topaketaren gai nagusia. Elizondotik eta Baigorritik abiatu ziren autobusez, eta Izpegin elkartu ziren gazteak. Handik oinez joan ziren Elhorrietako harrespiletarat. Bertan hiru talde osatu zituzten, neska-mutiko baztandar eta baigorriarrak nahasita.
Taldeka, tailer ugaritan parte hartu zuten; antzinako tresnekin ehizatzen ikasi zuten, txalaparta jotzen Txomin Dhers musikari urruñarrarekin, harrespilen ikerketa arkeologikoa egin zuten Aranzadiko Jesus eta Jon arkeologoekin, sua pizten ikasi zuten eta furrunfurra euskal soinu tresna zaharra apaindu eta erabili zuten. Gainera, haur bakoitza bere furrunfurrarekin itzuli zen etxerat, baita Sarako Lezeek oparitako karta postal banarekin ere.