Duela hiru hilabete, zehazki otsailaren 20an, Baztango osasungintzako hainbat profesionalek eskutitz bat idatzi zioten Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari, Aroztegiko proiektuak osasungintzan izanen lukeen eraginaren inguruan.
Hiru hilabete pasatu dira eta kontseilariak ez du erantzun. Hori dela eta eskutitza Elizondoko Oinarrizko Eremuko Osasun Kontseiluan aztertu zen joan den ortziralean egindako saioan. Kontseiluko kideek, aho batez, erabaki zuten eskutitza osasun kontseiluaren izenean kontseilariari helaraztea bere erantzuna eskatuz, eta bide batez, prentsara ere igortzea, horren jakitun eginez.
Hemen duzue eskutitza:
Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari:
Elizondoko Oinarrizko Eremuko Osasun Kontseilutik gure kezka adierazi nahi dugu Lekarozko Aroztegia proiektuaren balizko ondorioei buruz.
Lekarozen 228 etxebizitza berrien eraikuntza omen dakarren Aroztegiko proiektuaren aurka pasa den otsailaren 1ean Iruñean egin zen manifestazioak eraginda, kezka handia sorrarazi zigun galdera egin genion geure buruari: Nork eta nola artatuko dira etorriko liratekeen biztanle berri horiek guztiak?
Begi bistakoa baita 228 etxebizitza berrien eraikuntzak 359 biztanle bertzerik ez dituen herri batean dakarren aldaketa ikaragarria bailitzateke.
Guk, Artesiagatik Orabidera (37 bat km.) doan eta beraz, arras sakabanatuta dagoen eskualde batean, 1.100 paziente ditugu honezkero; kupo guztietan bezala populazio zahartua da gurea eta honek eguneroko etxeko bisitak eskatzen ditu: egunean bi, banaz bertze.
Ez da bideragarria, beraz, paziente-kupoa handitzea, ez eta ere, azpiegiturak eragotzita, gure kontsultategian lehen arretako bertze ekipo bat sortzea.
Elizondoko lehen arretako lantaldean, jakinen duzunez, urteak daramatzagu mediku falta itogarria pairatzen. Zure saileko eskuduntzari zuzenean ez badagokio ere, pil-pilean dagoen arazoa da mediku faltarena, baina azpimarratu nahi genuke arazo hori areagotu egiten dela landa eremura joaten bagara: Iruñean arras zaila baldin bada lehen arretako medikuak aurkitzea, landa eremuetan gauza ia ezinezkoa da.
Urteak daramatzagu itolarrian arazo hau bizkar gainean dugula: urte luzeotan bajak eta oporrak ordezkatu ez eta halabeharrez gure artean moldatu beharrean izan gara (pazienteak bertze kontsultategi batera edo bertze beste kontsultategi batera joan beharren izaten gara bertze medikuen hutsuneak betetzera, honek dakarren indar hustea pairatuz ); Urte luzeotan, Urdazubin, adibidez, egun batzuetan guardiak betetzeko modurik ez eta erizainak, legezkotasunaren muga-mugan, gelditu behar izan du bakarrik honek dakarren arriskuaz; Pediatrian bi medikuen artean betetzen zuten plaza eta erdia pediatra bakar batek bete behar izan du; urte luzeotan goizeko plaza libreak ez dira bete izan eta bete izan direnean berehala gelditu dira hutsik lekualdatzeak etorri direnean. Egungo egoeraren ispilua datu honexek emanen liguke: Elizondon dauden hiru plazetatik, bakarra betetzen du familia medikuntzako espezialista batek; bertze biak espezialitate hori ez duten medikuek betetzen dituzte; beraz, Foru Komunitate honetako gainerako herriei dagokienez, ez dira osasun arretako baldintza berberak bermatzen ari.
Egoera honetatik abiatuta eta proiektuaren gauzatzeak dakarren populazio igoera eskerga aurreikusita, ez zaigu larri egoteko motiborik falta, kezka larria bai, lerrook idaztera bultzatu gaituena. Galderak berez datoz: Nork artatuko ditu paziente berriak? Lantalde berria sartzeko asmoa baldin bada, nondik aterako dira medikuak plaza hori betetzeko?
Bukatzeko erran nahi dugu, urte luzeotan gure pazienteak behar bezala artatuta egotea bertze helbururik ez dugula izan, eta horretarako medikuak gure zentrora erakartzen eta landa eremuan trebatzen saiatu gara, esparrua ezagututakoan bertan geldituko zirelako esperantzan; orain arte, baina, gure ahaleginak ez du nahi genuen emaitzarik ekarri. Pernandoren egia dirudien honako honek labur lezake gure kezkaren funtsa: gaur egun oinarrizko beharrak betetzera ailegatzen ez bada, populazioaren handitze alimaleko horrek arazoa konpontzetik urrun areagotu eta larritu eginen du, eta irudikatu ezin daitezkeen kalteak ekarri.
Gure kezka eta zalantzek erantzunen bat izan dezaten idatzi ditugu lerro hauek, ez baitakigu hemen planteatzen diren arazoak kontuan hartu ote diren proiektua diseinatzeko garaian; ez genuke bukatu nahi azpimarratu gabe horrek ekar ditzakeen ondorioak gure lantaldean ez ezik etorkizuneko lantaldeetan ere eragin nabarmena edukiko luketela, baina batez ere erran nahi dugu, ohi den moduan, pazienteak izanen direla, herritar xumeak, kaltetuenak.
Zuen erantzunaren zain adeitasunez agurtzen zaitugu.