Nafarroako Bertsolari Txapelketara sailkatu da Xabi Maia elizondoarra

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 26a, 15:00

Xabi Maia Etxeberria kantari ortziraleko saioan. Txapelketarako sailkapena lortu du elizondoarrak.

Ortziralean jokatu zuten Iruñean Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen sailkatze saioa. Xabi Maia elizondoarrak irabazi zuen saioa, eta zuzenean sailkatu da txapelketara.

Xabi Maia Etxeberriarekin batera,  Aitor Irastortza Arrizurieta, Etxahun Azkarraga Fernández etxalartarra, Jabi Lezaun Landa, Julen Bernaldo de Quirós Royo 'Berni' eta Peio Ardaiz Gale aritu ziren kantuan.

Horien artean, Xabi Maiak bildu du puntu gehien, eta ondorioz, berak irabazi du saioa. Haren atzetik sailkatu ziren Aitor Irastortza, Jabi Lezaun, Etxahun Azkarraga, Julen Bernaldo de Quirós Royo eta Peio Ardaiz. Alaitz Rekondo lesakarrak aurkeztu zuen saioa, eta hiru lagun aritu ziren epaile lanetan: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza.

Saioa irabazita txapelketarako txartel zuzena eskuratu zuen Xabi Maiak; gainontzeko bertsolariek, berriz, ortzirale honetan jakinen dute sailkapena lortuko duten edo ez.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun