07:30ean egin da gaur ere hitzordua Elizondoko plazan, eta 08:30ean jendea biltzen hasi da Justizia Jauregiaren parean. Gaur ere jendetza bildu da elkarretaratzean, eta auzipetuak txalo artean sartu dira. Goizeko mahai inguruan Jardun koordinadorak, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Baztan-Bidasoa Aldeko pentsionistak eta Onekak parte hartu dute. Goizean, berriz, Ernaik ere adierazpenak egin ditu.
Goizane Vegas eta Markel Adin solastatu dira Ernaien izenean. Auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazi diete, «herri burujabe baten aurkako epaiketa dela» argi utzita. Zazpi pertsona horiek auzipetu izana «kasualitatea ez dela» nabarmendu dute, «militantzia politikoan eta herri mugimenduan parte hartzeagatik izaten ari baitira epaituak».
Epaiketa
Gaur akusatuek hartu dute hitza. Lehendabiziko akusatuak fiskalaren galderaren bitartez azaldu du «urte luzetan proiektuaren kontrako jarreran aunitz informatu dela, eta herritarrak behin baino gehiagotan proiektuaren kontra posizionatu direla». Atzo Joseba Otondok adierazi zuen gisara, Aroztegia eta gero zer? plataformaren funtzionatzeko modua «horizontala» dela, eta «bileren bidez hartzen zituztela erabakiak». Kanpaldiaren erabakiak ere «batzarretan kolektiboki eta inolako hierarkiarik gabe» hartzen zirela aipatu du, eta egunez egun erabakitzen zutela zer egin. Erabaki nagusia «makinen aitzinean indarkeriarik gabe eta modu pasiboan paratzea» izan zen eta gaineratu du «ez zuela ez sabotajeetan ez bortizkeria ekintzetan parte hartu». Gainera, ez du bidezkotat jotzen «epaiketaren azken egunetan bere kontra egin diren akusazioak», eta argi utzi du «ez dela pertsona bakarra izan obra gelditu zuena, herri oso bat baizik».
Bigarren akusatua hasi da solasean ondotik. Makinen paralizazioan «ez zuela parte hartu» adierazi du, eta egun horietan konfinatua egon zela koronabirusarengatik.
Hirugarren akusatuak Aroztegia eta gero zer? plataformako kidea izan dela eta «bertako asanbladetan zein ekitaldietan parte hartu zuela» erran du. Adierazi du proiektua «herritarrek inposaketa gisa ulertu eta kezka handiarekin bizi dutela». UGEP gisa tramitatu izana salatu du, «interes orokorrerako disenaturiko figura interes pribatuendako erabili izanagatik». Onartu du makinen paralizazioan parte hartu zuela, «baina kanpaldian guti egon zela, eta ez zuela inongo ekintza bortitzetan parte hartu». Azkenik, «Lekarozko enpresaren kontratupeko langileak erasotu zuela» aipatu du, hortaz, ez du ulertzen «nola langileak adierazi duen beldurra sentitzen zuela, erasotua bera izan baitzen».
Laugarren akusatuak «ttipitatik proiektua ezagutzen duela» eta «horren kontrako mobilizazioetan parte hartu» duela adierazi du. Kanpaldira bertaratu izana onartu du, eta grabatutako bideotan «soilik proiektuarekiko kezka» adierazi zuela. Gaineratu du «ez zela gehiagotan jarri makinen aitzinean», koronabirusarengatik konfinatuta baitzegoen. Ukatu du talde antolatu baten partaide izatea eta gehitu du erabakiak hartzeko «batzar irekiak egiten zituztela eta zuela inoiz agindurik jaso».
Borzgarrenaren txanda izan da ondotik. «Mezu eta bideon bidez» izan zuen obren berri eta «lagunekin zer gertatzen zen ikustera» hurbildu zen. Makinetara hurbiltzean horiek gelditu zirela aipatu du eta «ez zirela langileengana mintzatzera hurbildu». Gainera, ez zen gehiagotan bertaratu eta ez zuen kanpaldian parte hartu.
Seigarrenak «obraren hasieran Lekarozko plazara joan izana» onartu du eta hirugarren baten proposamenagatik lanetara hurbiltzea erabaki zuela. Ez zuten «makineria gelditzeko asmorik» eta «ez zegoen inoren agindupean». Langileengana hurbildu zen baina «ez zen mintzatu, ez zuen mehatxurik ezta irainik egin». Ez zen gehiagotan hurbildu bertara eta ez zuen kanpaldian parte hartu.
Azken akusatua ere Lekarozko plazara bertaratu zen, eta hor «sortu zen lanetara hubiltzeko ideia». Makinetarantz hurbildu zirenean «langilea ikusi zuen eta adierazi zion lanak ilegalak zirela eta makinak gelditu behar zituela». Langileak honako hau erran zuen: «Ados, baztertu zaitezte makina itzali ahal izateko». Bertan gelditu ziren ondotik, geldirik. Gehitu du, «langilea ez zela mehatxatua sentitu eta lasai zegoela».
Elkartasun Komiteak baloratu duenez, «gaurko errelatoan argi gelditu da Aroztegiko eremua eta, oro har, Baztangoa nork ezagutzen duen. Herri mugimendua nola antolatzen den argi ikusi da, horizontalki eta liderrik gabe. Zazpi pertsona horiek egin zutena publikoa izan da beti, eta ez dute deus inoiz altxatu. Argi gelditu ez dena da zergatik dauden zazpi pertsona horiek epaitegietan, eta zergatik sortu den beldurrean oinarritutako errelatoa».
Mahai ingurua
Gazteak eta pentsiodunak elkartu dira gaur mahai inguruaren bueltan: Malen Gruing Jardun koordinadoratik, Asier Arrieta Euskal Herriko Etxebizita Sindikatu Sozialistatik, Ana Sarobe Onekatik eta Julen Mitxeltorena Baztan Bidasoako pentsiodunen elkartetik.
Gazteen etxebitzarako sarbideaz mintzatu dira Gruing eta Arrieta. Hala, Gruing-ek adierazi du «gazteek sarbiderik ez izatea gentrifikazioaren eta turistifikazioaren ondorio dela; eta legedia jabeak babesteko dagoela egina». Arrieta etxebizitzaren eta turismoaren negozioez mintzatu da, baita horien ondorioez ere: «Langileria osoak deskantsurako eskubidea du, eta hori ez da inoiz bermatuko aisialdi kapitalistaren baitan». Ildo horretatik mintzatu da Gruing, langile kontraboterean oinarritutako instituzioen beharra aldarrikatuta.
Sarobek, berriz, jendea herrietan gelditzeko planteamenduak galdegin ditu, baita zerbitzu publikoak indartzea ere. Mitxeltorenak Nafarroan etxibizitzari lotutako lege bat behar dela aldarrikatu du, «jendearen beharrak lehentasun bezala jarriz».
Egitaraua bihar akituko da:
- 07:30ean auto karabana Elizondoko plazatik
- 08:45ean auzipetuei babesa adierazi
- Epaiketa akitzean auzipetuek adierazpenak eginen dituzte