Lekarozko Aroztegia proiektuaz

KRONIKA: Aroztegiko epaiketaren hirugarren eguna

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 21a, 17:45

Asteazkenean, epaiketaren hirugarren egunean, Foruzaingoaren bortz agentek, Baztango eta Lekarozko alkate ohiek eta bi kazetarik deklaratu dute lekuko gisa. Kanpoan, sindikatuetako ordezkariak bildu dira mahai inguruan eta Porrotxen bisita ere izan dute. 

07:30ean egin da hitzordua Elizondoko plazan, epaitegira hurbildu nahi zutenen artean auto karabana egiteko; 08:30ean jendea biltzen hasi da Justizia Jauregiaren parean. Gaur ere jendetza bildu da epaitegiaren aitzinean egin duten elkarretaratzean eta auzipetuak txalo artean sartu dira barnera.

Aroztegiko auzia ertz ugari dituen borroka dela adierazi nahian, egun bakoitza borroka ildo batekin gorpuzten ari da; gaurkoan Euskal Herriko sindikatuek hartu dute hitza. Hartara, 09:00etan mahai inguruan parte hartuko zuten hiru sindikatuetako kideak mintzatu dira lehenik: ELAko Unai Pascual, LABeko Iratxe Delgado eta Steilas sindikatuko Raul Lopez. Zazpi auzipetuei elkartasuna adierazi diete.

Indarkeriarik ez zela egon berretsi dute foruzainek

Foruzainak izan dira deklaratzen lehenak. Bortz foruzainek eman dute lekukotasuna, bortzak 2021ean Elizondoko komisarian lanean ari zirenak. Atzo Guardia Zibilek errandakoaren bidetik mintzatu dira, astelehenean deklaratu zuten lekukoek erran zutenetik guztiz urrunduz. Herenegun deklaratu zutenek nabarmendu zuten talde antolatu baten partaide zirela auzipetuak, eta langileak eta poliziak etengabe mehatxatu zituztela. Atzo eta gaur deklaratu dutenek, aldiz, protestan ari zirenek ez zutela indarkeria erabili erran dute, eta kalteak ikusi bazituzten ere, ez zutela inor ikusi kalte horiek egiten.

Gaur deklaratu duten bortz foruzainetatik hiru apirilaren 9an izan ziren Aroztegiko eremuan Guardia Zibilak deituta. Hiruek deklaratu dute bi talde ikusi zituztela Aroztegiko inguruan. Alde batetik 20 laguneko talde bat eta, bertzetik, 15 lagun inguruko bertze talde bat. Talde horiek makinen aitzinean eserita zeudela nabarmendu dute, eta «jarrera baketsua» zutela. «Ez nuen inolako indarkeria ekintzarik ikusi, jarrera atsegina zuten, baita gurekin ere», deklaratu du horietako batek. Langileekin mintzatu zirela ere azaldu dute, eta ezin zutela lanik egin adierazi zietela. Hiruek nabarmendu dute indarkeriazko ekintzarik, irainik edo mehatxurik ez zutela ikusi. 

Gainerako bi foruzainak arratsez egon ziren Aroztegiko eremuan, hauek ere Guardia Zibilak eskatuta, apirilaren 19an. Aroztegiko inguruan linternen argiak ikusi zituztela azaldu dute eta horregatik deitu zituztela, baina ez zutela bertara ailegatzerik lortu errepidean arbola bat zegoelako «bidea moztuz». Inguruan ez zutela «inor ikusi» erran dute biek. 

Defentsaren lekukoen hitzak

Fiskaltzatzen lekukotasunen ondotik, defentsaren lekukoak izan dira hurrengoak deklaratzen. Joseba Otondok, 2015-2023 agintaldian Baztango Udaleko alkate izandakoak, eta Ernesto Pratek, obrak hasteko momentuan Lekarozko zinpeko alkate izan zenak deklaratu dute. Otondori UGEParen kudeaketaren inguruan galdetu diote, baita obren hastapenaren nondik norakoen inguruan ere. Ildo horretatik, UGEPari lotuta udalak egindako alegazioei buruz mintzatu da. Bertzetik, Aroztegia eta gero zer? plataforman izandako parte hartzearen inguruan galdetu diote, eta Otondok, elkarte legal bat zela azpimarratzeaz gain, plataforma horretan inolako lidergorik ez zegoela azpimarratu du, eta erabakiak modu horizontalean hartzen zirela. 

Aroztegiko lanen hasierari buruz ere galdetu diote, eta azaldu du lanen hasiera legez kanpokoa izan zela, baldintzen plegua betetzen ez zuelako eta, beraz , «ez zutela espero» lanak hastea. «Enpresa sustatzaileak erabaki zuen auzitegietara jotzea, eta auzitegiek enpresaren kontra jo zuten». 

Auzipetuak epaitegira sartzen eta ateratzen gaur goizean. 

Astelehenean, enpresarendako zaindari lanetan aritu zen langilek telematikoki deklaratu zuen auzipetuen aldetik jazarpena sufritu zuela. Irakurketa horretatik urrunduta, Pratek, garai hartako Lekarozko alkate bezala, zaintzarako kontratatutako langile horrek herriko jardueratan normaltasunez parte hartzen duela gaur azaldu du. Akusazioak Prati bere bikotekideak Aroztegia eta gero zer? plataformarekin zuen harremanaren inguruan galdetu dio, eta baita ea berak parte hartzen duen Aroztegiaren kontrako ekintzetan ere. 

Horren ondotik, Ahotsa.info hedabideko Iñigo Orduña kazetariaren txanda izan da. Aroztegian apirilaren 9an eta 19an izan zela esplikatu du eta bertan ikusitakoaz galdetuta, enpresako langileen kontra berak ez zuela irainik ez mehatxurik ikusi erran du, eta Foruzaingoa eta Guardia Zibila bertan zegoela. Joseba Igarabide, Xaloa Telebistako zuzendaria, izan da deklaratzen azkena. Nabarmendu du prentsak ez zuela deialdirik hartu obrak geldituko zirela erranez.

Lekukoak mintzatuta, akusazioaren eta fiskaltzaren eskariz, zortzi ikus-entzunezko paratu dituzte proba gisa. Luze joan da zati hori, interpretea momentuan aritu baita dena itzultzen. Aroztegiko Elkartasun Komitetik salatu dute «froga hauei zein deklarazioei dagokienean hizkuntza baldintzak desegokiak izan direla epaiketa behar bezala gauzatzeko». 

Goiz osoan egon dira herritarrak epaitegi aitzinean eta, auzipetuak ateratzean, txalo artean eta txalaparta doinuekin hartu dituzte. Bihar izanen da epaiketako laugarren eguna, eta akusatuek hartuko dute hitza. 

Sindikatuak mahaiaren bueltan

LAB, ELA, Steilas, EHNE eta ELBko kideak elkartu dira gaur mahai inguruan, landa eremuko langileen egoeraz mintzatzeko: Iratxe Delgado, Ainara Plazaola, Raul Lopez, Patxiku Irisarri eta Panpi Santamaria, hurrenez hurren.

ELAk eta LABek bat egin dute erranez langileen bizkar, enpresak gero eta aberatsagoak direla, eta langileen egoera gero eta prekarioagoa. EHNE eta ELB sindikatuek, berriz, nabarmendu dute laborantza estentsiboaren gorakada medio, lehenbiziko sektoreko langileen prekarizazioak gora egin duela. Beren irudiko, Europako nekazaritza politikek nekazari txikia «galbidean» utzi dutela, eta lurra elikadurarako erabili beharrean, porlanez betetzen ari direla. Goizeko hitzartzearen bidetik, mahai inguruan ere Steilas sindikatuko ordezkariak adierazi du kapitalismoa eta trantsizio ekosoziala ez direla bateragarriak. Elikadura burujabetzarekin lotutako politiken beharra aipatu du, eta bizitzarako funtsezkoak diren sektoreak indartzeko eta duintzea ezinbertzekoa dela; ELAk eta LABek bat egin dute.

Solasaldiaren akabailan Porrotx iritsi da, eta txalo artean egin diote harrera Justizia Jauregiaren parean bilduta zeuden herritarrek. Goiza goxatu, eta epaitegi barnekoei kantu bidez elkartasuna adierazi die. Akitzeko, goizean Antsoainen gauzatu den etxegabetze baten harira, elkartasuna adierazteaz gain, Haritu Sindikatuak arratsaldean deituriko manifestaziora bat egiteko deia luzatu da Elkartasun Komitetik.

Biharko ere egitarau zabala prestatu du komiteak: 

  • 07:30ean auto karabana Elizondoko plazatik.
  • 08:45ean auzipetuei babesa adierazi.
  • 09:00etan kolektiboen adierazpenak.
  • 11:00etan mahai ingurua: ONEKA, Jardun, Baztan-Bidasoa Aldeko Pentsionistak eta EHko Etxebizitza Sindikatu Sozialista.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!