«Baztango Mendi Itzulia antolatzea lan handia da, baina merezi du»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 23a, 12:00

Jaime Biguria elizondoarra gaztea zelarik sortu zen Baztango Mendigoizaleen taldea, 80ko hamarkadan. «Hasmentan Baztan KE futbol taldeko sekzio bat zen, eta urteekin talde autonomoa bihurtu zen. Ni geroxeago sartu nintzen taldekide gisa, eta azken zortzi urteetan batzordean aritu naiz». Aurten Baztango Mendi Itzuliaren 30. edizioa antolatu dute, maiatzaren 25ean Berroetan.

«Filosofia bera»

Hasiera hartatik «aunitz» aldatu da taldea. «Gaur egun, zalantzarik gabe, mendi zaletasunak goiti egin du eta aunitz zabaldu da, baita bazkide kopurua ere. Teknologiak ere (GPSak, adibidez) aukera aunitz ematen ditu mendian barna ibiltzeko». Hala ere, «gure nortasuna eta filosofia mantentzen ditugu: mendiaz gozatzea, ohitura ez duenari babesa ematea eta gure lurraldea ezagutzeko aukera eskaintzea izaten segitzen du… giro ederrean gainera!».

Igande goizetan egin ohi dituzte ateraldiak eta 15-20 lagun inguru biltzen dira. Horrez gain, «urtean 4-5 ateraldi bazkariekin antolatzen ditugu (Auritz, Beintza-Labaien, Astigarraga, Atarrabia…) eta hoietarat jende gehiago animatzen da, 25-30 inguru».

XXX. Mendi Itzulia

«Zalantzarik gabe, urteko ekitaldi nagusia» da Baztango Mendi Itzulia, eta horrek «lan handia» eskatzen du; «beharrak aurreikusi behar dira, ibilbidea asmatu, jendea bildu, promozioa egin, babesleekin mintzatu ongi hornitzeko, asegurua, sanitarioak… mila gauza!». Hala ere, «lan horrek guztiak merezi du. Dena ongi ateratzen bada, eguna akitzean, nekeaz gain, satisfazio handia gelditzen zaigu antolatzaileoi. Parte hartzaileen aldetik ere gozamena, aipamen ederrak eta eskerrak bertzerik ez ditugu biltzen urtez urte, eta horrek animatzen gaitu hortan segitzera».

Izan ere, «ilusio guziarekin prestatzen dugu eguna, 50 pertsonatik goiti aritzen gara dena ahalik eta hoberen ateratzeko. Antolatzen den herriaren aldetik ere sukaldean, autoak aparkatzeko… laguntza izaten dugu. Dena ongi datorkigu!».

Aurten, itzuliaren 30. edizioan, Berroetan eginen dute. «30 urteetan ez dugu ibilbidea egundaino errepikatu, eta lan horretan, herria eta bidea asmatzen, Felix Salaburu arizkundarra dugu maisu urtez urte, laguntzarekin bada ere. Berari eskertu behar diogu egindako lan guzi hori».

Horrez gain, aurten lehenbizikoz izen ematea online bakarrik eginen dute. «Hori gero eta martxa gehiagotan egiten da, alde batetik diruarekin ez ibiltzeagatik, eta bertzetik egunean bertan lehenbiziko orduan sortzen den korapiloa, txartel banaketa eta abiatzea, erraztu eta arintzeko». Gainera, «bezperatik zenbat diren jakiteak aunitz laguntzen gaitu kalkuluak egiten; kontrol puntuetarat zenbat janari eta edari eraman behar dugun, zenbat patata tortilla helmugarako…». 

Oztopoak oztopo, «ateraldiak eta martxa urte luzez antolatzen segitzeko prest gaude, jendea biltzen garen bitartean. Ez bakarrik mendian, baita mahai inguruan ere».

Kamera eskuetan

Mendian, ibili ez ezik, argazkiak egiten ere aritzen da Biguria. «Nire lehenbiziko kamera Lois galtza berde batzuk erosi eta opari izan nuen, 17 urterekin. Hartatik, argazkilaritza beti izan dut gustuko zaletasuna». Baztango parajeez gain, «bestak, ohiturak, musika, dantzak, herriak…» ditu insipirazio iturri. «Zorionez, gure eskualdea arras aberatsa da eta beti badago zerbait kamera eskuetan hartu eta gozatzeko».

«Argazki on batek istorio ttiki bat kontatzen du»

Valledebaztan.com markapean bertako ekitaldi kultural eta natural ugari bildu dituzte urteetan. «Gustuko genuelakoz hasi ginen, baina egia da egiten ari garenak kutsu etnografikoa hartu duela, kontuan hartuta gure bizimodua pila bat aldatzen ari dela urte gutitan. Hortxe egoten gara, kamerarekin, galtzen ari diren ohitura zaharren irudiak hartzen eta zabaldu nahian». Argazki on batek «istorio ttiki bat kontatzen du, irudi hutsetik haratago zerbait transmititzen du. Suertatzen ahal da, baita ere, argazkilariak kontatu nahi izan duenak bat ez egitea ikusleak sentitzen duenarekin… hori ez dago gure esku eta gauza ederra da edozein gisaz».

Argazkiak egiteko, «nire ekipoa oinarrizkoa da; kamera, objektibo pare bat (bat finkoa eta bertzea zoom), tripodea, eta garrantzitsuena: argazkiak egiteko gogoa. Hori gabe, igual da etxean gelditzen bazara!».

Etorkizunera begira, «gozatzen eta ikasten segitu nahi dut. Inguruan argazkilaritzako maisu aunitz baditugu eta badago nondik ikasi. Ahal dudan arte, bizitzen ditugun momentuak kamerarekin biltzen segituko dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!