Lekarozko Aroztegia proiektuaz

ELAk Aroztegiko auzipetuen kriminalizazioa salatu eta absoluzioa eskatu du

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 21a, 15:30

Sindikatuak elkartasuna adierazi die zazpi auzipetuei eta «kartzela eta isunen mehatxupean antolatutako edozein protesta desmobilizatzeko eta isilarazteko saiakera dela» salatu du.

ELAren erranetan, «Aroztegiko proiektuak (luxuzko hotela, golf zelaia eta 200 etxebizitza baino gehiago), espekulazio urbanistikoa izateaz gain, ingurumen eta gizarte inpaktu guztiz negatiboaren eta jasangaitzaren kontura eraikuntza enpresa handien onura bilatzen du batez ere. Egunotan, zazpi pertsona ari dira epaitzen Lekarozko obrak geldiarazteko protestengatik. 20 urtera arteko espetxe zigorrak eta zigor ekonomiko oso larriak eskatzen zaizkie».

Hori dela eta, «babesa eta elkartasuna» adierazi diete auzipetuei, eta absoluzioa eskatu dute «prozesu honetarako irtenbide zuzen bakarra delako. Gizarte mugimenduek eta langile klaseak haien eskubideak eta lurra defendatzeko mobilizazio eskubidea» defendatu du sindikatuak.

Sindikatuak adierazi du «epaiketa honek kapitalismoaren alderdirik suntsitzaileenak erakusten dituela»:

  • Lehenik eta behin, «Palacio de Aroztegia bezalako enpresen lukurreria. Orain, 43 milioi euroko indemnizazioa lortu nahi du, diru publikoaren kontura, zazpi pertsonen bizitzen gainetik pasaz».

  • Bigarrenik, «Nafarroako Gobernuek gutxi batzuen interes espekulatiboen alde agertu direlako, Baztango jendearen nahiaren gainetik. Barcinaren Gobernuak PSISa hauteskundeak baino bost egun lehenago onartu zuen, eta Barkosen eta Chiviteren Gobernuek Aroztegiaren proiektua babestu dute».

  • Eta azkenik, «gizarte mugimenduak kriminalizatzeko eta zigortzeko estrategia, espetxe eskaerekin eta talde kriminaleko kide izatearen akusazioekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun