Gaur ere 07:30ean Elizondon egin du hitzordua Aroztegiko Elkrtasun Komiteak, eta 08:30ean jendea biltzen hasi da Justizia Jauregiaren parean. Dozenaka lagun bildu dira epaitegiaren aitzineko elkarretaratzean, eta auzipetuak txalo artean sartu dira barnera.
Gaurkoan euskarari eta kulturari eskaini diote eguna, hortaz, 09:00etan EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre solastatu dira. Aroztegiko lurrak turismorako bideratzea «zentzugabekeria» dela erran dute, «kontuan hartuta Euskal Herriko zein munduko egoera soziala eta ekologikoa zein den». Salatu dute, gainera, «egitasmoa interes pribatuetara bideratua dagoenez, antidemokratikoa eta bidegabea dela. Biolentziaz aritu dira gero: indarkeriaren bidez batzuk aberasten dira, lurraren erabilpen egokia» egiten dutenei kartzela zigorra eta isunak ezartzen dizkieten bitartean».
Ondotik Julio Soto aritu da bertsoan eta Joseba Tapiak pare bat kanta jo ditu giroa alaitzeko.
Epaiketa
Hamahiru guardia zibilek deklaratu dute gaur, 2021ean Elizondon, Urdazubin, Oronoz-Mugairin, Iruñean eta Etxalarren lanean aritu zirenak. Testigantzetan, atzoko lekukoek erran zutenetik urrundu dira. Izan ere, atzokoek nabarmendu zuten auzipetuak «talde antolatu baten partaide» zirela, eta «langileak eta poliziak etengabe mehatxatzen» zituztela.
Guardia zibilek, ordea, nabarmendu dute «ez zela bortizkeriarik egon bertaratu zirenen aldetik». Are, Elizondoko kuartelean aritzen zen guardia zibiletako batek nabarmendu du protestan ari ziren horien jarrera «baketsua» zela. Iruñean lanean zegoen bertze polizia batek azpimarratu du «makinen aitzinean jartzen zirela, indarkeria erabili gabe».
Etxalarko kuartelean lan egiten zuen polizietako batek deklaratu du «bertaratutako egun batean pertsona gehienak identifikatu zituela». Hura izan zen Ahotsako kazetaria salatu zuena, «debekatutako leku batean sartzea» egotzita. Hala ere, solastatu diren gehienen artean nabarmena izan da bertze norbaiten hitzak erabiltzen zituztela zenbait ekintza deskribatzeko; hots, hirugarren baten hitzetan ari zirela eta ez zirela lekuko zuzenak. Gehienek erran dute «kalteak ikusi bazituzten ere, ez zutela inor ikusi kalte horiek egiten».
Azken lekukoak erran du, «bideo eta argazki batzuen bidez akusatuetako zenbait lagun identifikatu zituela», baina onartu du «ez zela gai denak identifikatzeko». Horretarako, «herriko hirugarren pertsona batzuen laguntza» behar izan zuen, ez du ordea adierazi zein izan ziren identifikazio horiek gauzatzeko laguntzaileak.
Mahai ingurua
Kulturgintzako eta euskalgintzako lau kide elkartu dira mahai bueltan gaur egungo egoerari buruz aritzeko eta bakoitzaren ikuspuntua konpartitzeko. Ihitz Iriart kantaria eta kultura ekintzailea, Sagrario Aleman euskaltzaina, eta Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga EHEko kideak. Bakoitzak bere gaur egungo lan esparrua azaldu ondotik, beren proiektuak konpartitu dituzte bertaratutakoen arreta bereganatuz.
Ondare ez materialari buruz, herri jakintzari buruz eta euskara erdigunean paratzeari buruz aritu dira lau hizlariak, bakoitzak bertzearena osatuz. Baloratu dute «Euskal Herrian egiten den guztia», baina «kultura eta euskara indartzeko dauden trabak» ere aipatu dituzte; «hiru administrazioetako legeak, instituzioen inbertsio eza, gizartearen desbalorizazioa...».
Azken galderari erantzunez, hau da hartu beharreko bidea: «Aritu (kantatu, dantzatu, antzerkiak egin…); lotsa bi zentzutan kendu, ahalkea eta beldurra; burujabetasuna lortu, independentzia; eta kolektibitartean aritu, indibidualetik kolektibora». Publikoaren ekarpen batekin bat egin dute: «konfrontazioari bidea eman, horrek ekarriko baititu isilik aritzeak baino emaitza haundiagoak».
Egitarauak bihar, asteazkena, izanen du segida:
- 07:30ean auto karabana Elizondoko plazatik
- 08:45ean auzipetuei babesa adierazi
- 09:00etan kolektiboen adierazpenak
- 11:00etan mahai ingurua: Steilas, LAB, EHNE, ELB eta ELA
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!