Elizondoko Herriak batzarrera deitu du ortzegunerako

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 21a, 11:00

Muniarteko zubian elkartuko dira ortzegunean 19:00etan.

Elizondoko alkate eta kargudunek batzarra deitu dute ortzegun honetarako Muniarteko zubian 19:00etan.

Bi puntu nagusiri buruz ariko dira bileran. Alde batetik, Txokotoko Muniartea zubia oinezkoentzako bihurtzeko proposamena aztertzea. Bertzetik, Braulio Iriarte karrikako 44an (Mendinuetako zubia) seinale bat paratzeko proposamena ere aztertuko dute. Seinale horrek honakoa arautuko luke: Braulio Iriarte karrikatik Txokoto auzorantz kotxearekin soilik bertako bizilagunak eta hor lo egiten dutenak pasatu ahal izatea.

Horrekin batera, galdera eta eskeak egiteko aukera izanen da.

Herritar guztiei zuzenduriko batzarra da baina, bereziki joateko deia egin diete zuzenean kaltetutako bizilagunei.

Jakinarazi dute batzarrean ez dutela behin betiko erabakirik hartuko, solastatuko dena ekainean Herriko Etxean eginen duten batzarrera eramanen dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun