Joan den udazkenean hasi zuen prozesua Nafarroako Gobernuak eta atzo onartu zuen izendapena eta foru araua ofizialki. Horrekin batera aurkeztu zuten jarduera plan bat ere. Hiru urteko iraupena izanen du, eta ondotik, luzatzeko aukera izanen da. Planak lau jarduera eremu ditu, eskaintzaren, eskariaren, zeharkako neurrien eta gobernantzaren eremuei buruzkoak.
Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfarok eta Elga Molina Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusiak aurkeztu zuten atzo izendapena. Baztanekin batera, bertze 20 udalerri ere izendatu dituzte tentsio handiko eremu: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Azkoien, Barañain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Cintruenigo, Corella, Eguesibar, Iruñea, Lizarra, Noain, San Adrian, Tafalla, Tutera, Uharte eta Zizur Nagusia. Nafarroako herritarren %70 bizi dira eremu horretan.
Gure eskualdean bakarrik Baztan sartu dute, 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerri bakarra delako
Eskualdean udalerri bakarra izendatu du tentsio handiko eremu, ezinbertzeko baldintza gisa ezarri baitute 5.000 biztanle baino gehiago izatea. Baztanen hain zuzen, azken bortz urteetan alokairuen prezioa % 137,93 igo da eta salmenta prezioa % 27,04.
Alfarok atzo prentsa aitzinean nabarmendu zuenez, «erabakiaren funtsezko premisa da administrazio publiko gisa eskura ditugun tresna guztiak erabiltzea etxebizitza eskuragarriago egiteko».
Hainbat neurri hartzeko aukera
Foru aginduak hainbat eskumen emanen dizkie udalei. Hala nola, alokairuko prezioei muga jartzeko aukera. «Muga hori higiezinen etxebizitza-errentamenduko kontratu berriei aplikatuko zaie, baldin eta deklarazioa indarrean jarri zenetik azken bost urteetan inolako errentamendu-kontraturik izan ez badute», azaldu zuen atzo Alfarok. Neurri horiek ekainetik aitzinera onartzen ahalko dituzte.
Etxejabe handien erregistroa osatzea da izendapenak udalei emango dien beste eskumenetako bat. Aginduak jasotzen duenez, «jabe handia» izanen da hamar etxebizitza edo gehiagoren edo 15.000 metro koadroko azalera duen eremu baten titularra den pertsona fisikoa edo juridikoa, edo bortz etxebizitza edo gehiagoren jabea dena».
Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren Alokairu Poltsara mugiarazteko konpromisoa hartu du gobernuak eta baita eskariaren eremuari dagokionez, laguntza-sistema birdefinitu, eguneratzea eta hobetzea. Horrekin batera, eskaintzari dagokionez, 21 udalerri horietan plan zehatzak garatzeko aukera izanen dute eta deklarazio hori ez duten herrietan Landa Etxebizitza Plana garatzeko aukera izanen da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!