07:30ean egin dute hitzordua Elizondoko plazan epaitegira joateko eta 08:30ean jendea biltzen hasi da auzitegiaren parean. Jendetza bildu da elkarretaratzean, auzipetuei babesa adierazteko, eta gogoratu dute «ez dela zazpi herritarren aurkako epaiketa, herri oso baten aurkakoa baizik».
Aroztegiko auzia «arlo aunitzeko borroka dela adierazteko, egun bakoitza borroka ildo batekin gorpuztuko da; gaur, lurraren aldeko borrokari eskaini zaio bere tartea». Bilgune Feministak, AHT Gelditu!-k eta EH Bizirikek deklarazioak egin dituzte.
Ekhiñe Petriati mintzatu da Bilgune Feministaren izenean, eta azpimarratu du «lurraren defentsari ikuspegi feminista batetik begiratzea ezinbertzekoa dela. Kapitalismoak gorputzak, lan indarra, bizitza, baliabide naturalak eta lurra jabetza bilakatzen dituen aldetik, garrantzitsua da begirada feminista txertatzea Aroztegiko auzian».
Enea Andueza Otxoak hartu du hitza ondotik, AHT Gelditu! taldearen izenean. «Negozioa bilatzen duen jendarte honetan, Aroztegiko borroka denontzat arnasa da». Hortaz, «auzipetuei elkartasuna adieraztearen garrantzia» azpimarratu du, eta absoluzioa eskatu du.
Goizeko hitzartzeekin akitzeko, EH Bizirik plataformako Rebeka Gonzalez de Alaizak ohartarazi du «lurraren defentsan aritzen direnek hiru oinarriren bueltan artikulatu behar dutela borroka: krisi ekologikoaren ondorioak gero eta latzagoak direla, interes pribatuek naturan gero eta indartsuago eskuartzen dutela, eta basakeria horri guztiari aurre egiten dietenen kontrako ofentsiba errepresiboa gero eta larriagoa dela».
Epaiketa
Enpresa salatzailearen lekukoek deklaratzeko eguna izan da lehenbizikoa. Saioa hasteko, akusazioak epaiketa ateak hetsita egiteko eskatu du, baina epaileak ezezkoa eman dio, ez baitu inolako arriskurik ikusten. Lekukoen gehienek telematikoki deklaratzeko eskaera egin dute, tartean Joxe Mari Martin Otxandorena lekaroztarrak, akusatuekin aurrez aurreko konfrontazioa saihesteko.
Bi guardia zibilek hartu dute hitza lehendabiziko, eta obren egunetan hartu zituzten salaketen berri eman dute. Auzipetuak agertzen diren bideo eta elkarrizketen bidez identifikatu zituzten, eta adierazi dutenez, «talde antolatua da oposizio zibil oro antolatua delako, eta ez da talde baketsu bat». Gehitu dute «obrak ilegalak badira, segitu beharreko prozedura salaketa jartzea dela, ez derrigortze ekintzak».
Ildo beretik, Salvador Urbistondo Arotzarenak, konpentsazio batzordeko lehendakaria izanak eta gaur egun proiektuko sozioa denak, adierazi du «proiektua Nafarroako Gobernuko babesean egin zela eta gaur egun ere haren babesa duela». 2022ko otsailean Nafarroako Auzitegiak baieztatu zuen obrak legez kanpokoak izan zirela, beraz, epai hori lanak hasi eta urtebete beranduago ailegatu zen.
Palacio de Arozteguia SM enpresako arduradunek, lanetan aritu ziren gainerako enpresetako arduradunak bezala, nabarmendu dute obren hasiera sinatzean baimen guztiak zituztela. Horrez gain, kanpaldiko egunean herritarren erresistentziak egindako «mehatxu eta sabotaje ekintzak» azpimarratu dituzte, «talde organizatu batenak» izan zirela erranez eta egun horietan sentitutako «beldurra» argi adieraziz.
Kontrakoan, nabarmentzekoa ere, enpresa horietako zenbait langilek deklaratzean, adierazi dute «ez zirela mehatxatuak sentitu» eta «ez zutela bere burua arriskuan ikusi». Langile horien testigantzekin akitu dute saioa, eta zazpi auzipetuak txalo artean hartu dituzte herritarrek irteeran.
Mahai ingurua
Elkartasuna adierazteko epaitegien kanpoaldera hurbildu direnek ere izan dute zer egin. Epaiketak iraun bitartean, egunero antolatu ditu mahai inguruak elkartasun komiteak. Gaurkoan AHT Gelditu, EH Bizirik, Ostia Sarea eta Bilgune Feminista izan dira protagonista; Gorka Ovejero, Rebeka Gonzalez de Alaiza, Jakes Kortairu eta Ekhi Petriati aritu dira solasean.
Nork bere borrokaren nondik norakoak azaldu ondotik, «Aroztegiaren ildoko auziei elkartasuna adieraztearen garrantzia» nabarmendu dute lauek. Gonzalez de Alaizak, erraterako, «lurraren defentsaren borroken kontrako ofentsiba politiko-judiziala ematen ari dela» adierazi du. Ovejerok, AHT Gelditu plataformako kideak, berriz, «kapitalismoan» jarri du arreta, nabarmenduz «sistema horren etengabeko kritika egin ezean, gaur hizpide ditugun bezalako proiektuak egonen direla aurrerantzean ere».
Ondotik Kortairuk hartu hitza, aipatuz Ostia! kolektiboak «ekintza zuzenean» jartzen duela arreta, «espekulatzaileen seinalamendu zuzena eginez». Akitzeko, Petriatik, Bilgune Feministako bozeramaileak, adierazi du «burujabetza feminista» aldarrikatzen dutela, eta horrek, «halabeharrez sustatzen duela lurrarekiko eta herrien eta pertsonen arteko errespetuzko harremanean».
Egitarauak bihar, asteartean, izanen du segida:
- 07:30ean auto karabana Elizondoko plazatik
- 08:45ean auzipetuei babesa adierazi
- 09:00etan kolektiboen adierazpenak
- 10:00etan bertso saioa: Maialen Lujanbio eta Julio Soto
- 11:00etan mahai ingurua: Gorka Torre, Intza Gurrutxaga, Sagrario Aleman eta Ihitz Iriart