Gisa honetara, 36 greba egun eginen dituzte langileek «enpresaren, Hermanas Hospitalarias eta Nafarroako Gobernuaren axolagabekeriaren aurka protesta egiteko, Benito Mennik bizi duen egoera larriaren salatuz». Hala jakinarazi du ELAk.
ELAren hitzetan, «Hermanas Hospitalarias enpresak, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, Elizondoko Benito Menni zentroak dituen hiru eraikinetako bat itxi du, etekinak are gehiago handitzeko. Eraikin horretan zeuden 36 erabiltzaile birkokatu zituzten, kalte nabarmenak eraginez emandako zerbitzuaren kalitatean. Plantillaren zati bat kaleratu dute, eta bertze batzuei lan baldintzak okertu edo eginkizunak aldatu dizkiete».
Azaroan hasi zen gatazka, eta «enpresa ez da inoiz jarri negoziazio bilera bat egiteko». Gainera, «arras blokeatuta dauka hitzarmenaren negoziazioa». Nafarroako Gobernuari dagokionez, «irailean bilera bat egiteko eskatu genion, eta martxoaren 6ra arte ez zen bilera hori izan. Bertan, ELAko ordezkariek Elizondoko Benito Menni zentroaren egoera larria azaldu genien. Gobernuaren ordezkaritzak berririk ez zuela erran zuen bileran, baina bi hilabete pasatu dira eta Gobernuak ez du deus egin egoera horren horretan».
Diru publikoarekin sostengatutako zerbitzua izaki, Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna dela adierazteko eginen dute bihar, maiatzaren 20an, elkarretaratzea, greba egunetako mobilizazio dinamikaren barrenean. 11:00etan Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuaren parean bilduko dira.