Baztan-Bidasoko eskoletan elkarretaratzeak egiten hasi dira

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 19a, 18:30

Gaur goizean, adibidez, Almandozko eskolan familiak eta irakasleak bildu dira mugimenduari babesa eta atxikimendua adierazteko.

Hezkuntza Laguntza taldeko eta Orientazio Departamentuko giza baliabideen egungo egoerak kezka eta ezinegona sortu du Baztan-Bidasoko ikastetxe publikoetan. Horren harira, egun hauetan elkarretaratzeak egitekoak dituzte Ikasleen eskubideak ez urratu, murrizketarik ez! lelopean.

Elkarretaratze gehiago

Almandozko elkarretaratzeaz gain –argazkian–, gaur Malerrekako eskoletan, Berako Rikardo Baroja eskolan, Berako Toki Ona institutuan eta Igantziko eskolan egitekoak zituzten elkarretaratzeak. Bihar, berriz, Arantzako eta Lesakako Irain eskoletan eginen dituzte: Lesakako eskolan 09:00etan eta Arantzakoan 16:00etan. Etxalarko eskolan, berriz, asteazkenean eginen dute, 09:00etan.

Gaiaren harira, Bortzirietako eskolek gurasoei bidali dieten oharrak dioenez, «Hezkuntza Publikoak denona eta denontzat izaten segitzea nahi dugu, inklusiboa eta kalitatezkoa, baina horretarako giza baliabideak behar ditugu. Legeak garbi erraten du hezkuntzak ikasle guzien garapen integrala bultzatu behar duela, eta horretarako, ikasleen jarraipen pertsonalizatua egin behar dela. Baina, bitartean, urtetik urtera, gobernua horretarako ezinbertzekoak diren profesionalen laguntza saioak murrizten ari da, ikasleen eta euren familien eskubideak urratuz».

Gaineratu dutenez, «badirudi erabat ahantzi dituztela gure eskualdeak dituen berezitasunak eta beharrak, hau da, landa eremu euskaldun batean bizitzeak dakartzan berezitasunak. Pertsonen arreta integrala eta kalitatezkoa hartzea gure ikasleen eskubidea da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun