Baztango Gaitarien 25. urteurrena ospatu dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025eko maiatzaren 19a

Aurten bete dira 25 urte Baztango Gaitariak taldea sortu zutenetik, eta urteurrena ospatzeko erraldoien topaketa egin dute. Eskualdeko hainbat erraldoi eta gaitari elkartu ziren larunbatean urteurrena ospatzeko.

Argazkiak: Juan Mari Ondikol.

Goizean goizetik besta giroa nagusitu zen Elizondon. Baztango Gaitarien 25. urteurrena ospatzeko erraldoien topaketa antolatu zuten. Jo ala Jo taldeko, Elizondoko, Doneztebeko, Etxalarko, Irurita, Berako eta Sunbillako konpartsak elkartu ziren erraldoiak dantzatzeko.

Horiek musikaz laguntzeko, Baztango Gaitariez gain, Amaiurko, Erratzuko, Ezpelurko, Berako eta Lesakako gaitariak aritu ziren musika jotzen eta baita Tuku-tuku eta Elutxa txarangak ere.

Goizean, karrikabuelta egin zuten eta hori borobiltzeko denek batera dantzatu zuten Elizondoko plazan. Ondotik, bazkaria egin zuten frontoian eta arratsaldean Baztango Gaitariek emanaldia egin zuten soinulariekin eta erraldoiekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun