Herri Zahar, Biztanle Aktibo +65 programa aurkeztu du Mugarki kiroldegiak

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 16a, 10:30

70 urte inguruko 40 lagunek baino gehiagok parte hartu dute programan. Irudia: Ondikol.

«Zahartze aktibo eta osasuntsua sustatzea» du helburu programak eta atzoko aurkezpenean orain arte lortutako emaitzak plazaratu zituzten

Baztan, Malerreka, Urdazubi eta Zugarramurdiko 40 lagunek baino gehiagok hasi dute HZBA +65 (Herri Zahar, Biztanle Aktibo) programa Arizkungo Mugarki kiroldegian. Banan-banako ariketa fisikoarekin eta diziplina anitzeko laguntzarekin, «zahartze aktibo eta osasuntsua» du helburu programak.

Atzoko ekitaldian parte hartu zuten Arantxa Blanco kiroldegiko zuzendariak, Vitxori Juanikotena nutrizionistak, Sergio Nieto hezitzaile fisikoak eta Nafarroako Kutxa Fundazioko Fernando Urrak. Azaldu zutenez, «programa inklusibo eta pertsonalizatua» da, eta barne hartzen ditu «egokitutako ariketa fisikoa, garraioa eta aholkularitza nutrizional eta psikologikoa». Gainera, «adinduen bakardadea murriztu eta haien arteko harremanen sorrera sustatu» nahi dute.

Fernando Urra, Vitxori Juanikotena, Arantxa Blanco eta Sergio Nieto atzoko aurkezpenean. Ondikol.

Programaren lehenbiziko emaitzak aurkeztu zituzten atzokoan, «indarrean, orekan eta ongizate orokorrean hobekuntza nabarmena» azpimarratuz. 40 lagunek baino gehiago parte hartu dute, 71 urteko adinekoak batez bertze, eta horietatik % 72 emakumea izaki. Parte hartu dutenen konpromisoa ere nabarmendu dute, % 90eko asistentzia izan baitute klaseek eta indarrean % 40ko hobekuntza lortu dute batez bertze, batzuk % 60 baino gehiago.

Baztango Udalaren, Elizondok Osasun Etxearen eta Arkupeak elkartearen laguntza izan du programak, eta finantzazioaren aldetik Nafarroako Kutxa Fundazioak, La Caixa Fundazioak eta Innova programak parte hartu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun