Gaizka Sarasola Iartzabalek irabazi du IX. (H)ilbeltza beka

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 14a, 18:00

Fernando Anbustegi alkatea, (H)ilbeltzako Xabi Ballarena, Gaizka Sarasola saritua eta Txalapartako Garazi Arrula. Irudia: Ondikol.

Mug(H)erri I lana aurkeztu du lesakarrak eta 6.000 euro lortu ditu bekarekin

(H)ilbeltza bekaren IX. edizioko irabazlea jakinarazi dute gaur goizean (H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak; Gaizka Sarasola Iartzabal lesakarra izan da saritua. Aurten sormenezko lan bat saritzea dagokio bekari eta Mug(H)erri I da Sarasolak aurkeztutako proposamena.

Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, «Baztan izan daitekeen landa eremuan kokatzen du istorioa egileak; horrela, lokalizazioak istorioari hurbiltasuna emateaz gainera, landa giroaren bizitzaren eta bilakaeraren erradiografia bat egiten du, betiere klixeetatik ihes egin nahian. Fantasiari eta errealismo magikoari ere keinu egiten dio, genero beltzean hain ohikoa ez dena, eta arteaz ere gogoeta egiten du». Alde horretatik, «(H)ilbeltza bekaren parametroekin bat eginik ere, ezohiko elementuak txertatzen direla» goraipatu du epaimahaiak, «eta hizkera landua erabiltzeak indartu egiten du proiektua. Zoriondu nahi dugu irabazlea eta baita epaimahaiaren lana zaildu duten gainerako proiektuak ere».

Lagin irabazleari 3.000 euro emanen zaizkio orain eta bertze 3.000 euro lana akitzerakoan. 2026ko abenduan argitaratuko du liburua Txalaparta argitaletxeak, eta 2027ko (H)ilbeltza ekimenean aurkeztuko dute.

Bederatzigarren lan saritu

Honekin, bederatzi dira (H)ilbeltza beka lortu duten egileak. Lehen edizioa sormen beka izan zen; Miel A. Elustondo izan zen sariduna eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019an. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Josu Barambonesek Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu zuen. Hirugarren irabazlea Miren Gorrotxategi izan zen eta Sotoan gordeak liburua izan zen emaitza. Laugarren beka Koldo Bigurik jaso zuen eta Massimo Carlotto italiarraren Agur maitea, ikusi arte eleberria itzuli zuen. Borzgarren beka Eneko Barberenak lortu zuen eta Suak erreko ez balu eleberria idatzi zuen. Seigarrenean Beñat Irastorza izan zen saritua, eta Fred Vargasen Debout les morts liburua euskaratua argitaratu zuen. Zazpigarren irabazlea Joxan Oiz Arruti izan zen, eta Amazurtza nobela aurkeztuko du heldu den ilbeltzaren 20an Arizkunen. Azkenik, iazko sariduna Amaia Apalauza izan zen eta 2026ko ilbeltzean Núria Cadenesen Guillem liburua euskaratua aurkeztea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun