Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Euskal Herriko 196 pertsonaia publikok Aroztegiko auzipetuen absoluzioa eskatu dute

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 13a, 12:30

Amets Aranguren abeslariak irakurri du manifestua.

Gaur goizean Iruñeko Katakrak elkartean egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute manifestua eta sinatu duten pertsonen zerrenda, Euskal Herri osoko hainbat arlotako pertsonaia publikoak

Manifestuan adierazi dutenez, «desobedientzia zibila ez da delitua, eskubide sozial beharrezko eta zilegia baizik. Eta hori aspalditik gauza jakina den arren, Aroztegiko pelotazoaren kontra protesta egindako zazpi lagun kartzelako bidean jarri nahi dituzte heldu den astean. Epaitegietan justiziarik egonen balitz, ez lukete hori onartuko».

Lekarozen «luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 txalet egin nahi ditu Palacio de Arozteguia S.M. enpresak. Espekulazioan oinarritutako proiektua izan da, lurren birkalifikazioaren jokaldiaren bitartez. Baztandarrak aurka agertu dira behin eta berriz, baina, UGEP moduan tramitatuz, erabakimena eta hitza kendu zaizkie».

2021ean «hondeamakinak obretan hasi ziren, eta herritarrek gelditzen zitzaien azken aukera baliatu zuten beren iritzia agertzeko: makinen aitzinean jarri eta protestatzeko kanpaldia egitea. Jende andanak parte hartu zuen bertan, bere desadostasuna erakutsiz modu demokratikoan. Baina zazpi baztandarri akusazio gogorrak egin dizkiete: bortxa eta derrigortze delituak eta talde kriminala osatzea. Denetara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000€ko fidantza eskaerak. Eta arriskua oraino handiagoa da: enpresak 43 milioi euroko konpentsazioak eskatu dizkie Nafarroa eta Espainiako Gobernuei, eta badakigu milioiak eskatu nahi dizkietela auzipetuei ere».

Kezka horrekin, «otsailaren 1ean 18.000 lagun eta 140 eragilek Iruñean beren babesa erakutsi zieten akusatuei. Manifestua sinatu dugun 196 lagunok ere elkartasuna adierazi nahi diegu zazpi auzipetuei, «eta nabarmendu nahi dugu herri batek egindako desobedientzia zibila ezin dela kriminalizatu. Horregatik, manifestu hau sinatzen dugunok ozen eta argiki aldarrikatu nahi dugu: Absoluzioa Aroztegikoendako!».

Hemen manifestua sinatu duten izenen zerrenda osoa:

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun