Mikel Ollok eta Maite Zubillagak irabazi dute Berroetako VIII. Mendi Maratoi Erdia

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 12a, 15:30

Ibilbide motzaren eta luzearen artean, denetara 132 lagun aritu ziren lasterka igande goizean. Antolatzaileek berroetarren auzolana eskertu dute, «100 biztanle pasako herri batean 60 boluntario inguru ateratzen gara. Hain herri ttikian horrelako zerbait antolatzeak ikaragarrizko auzolana suposatzen du, eta inplikazio hori arras aberasgarria da». 

Argazkiak: Juan Mari Ondikol eta utzitakoak

Berroetako Mendi Elkarteak mendi lasterketaren zortzigarren edizioa antolatu du aurten eta eguraldia zein bidearen egoera guztiz lagun ez bazituzten ere, 132 lasterkarik parte hartu zuten guztira ibilbide motz eta luzean.

Ibilbide motzean, 14,8 kilometrorekin eta 737 metroko desnibelarekin, Julen Errandonea Martin beratarra (1.17.57) eta Oihana Arruti Terreros lesakarra (1.37.53) izan ziren irabazle. Bigarren postua lortu zuten Iruñeko Yelko Pardiñas Garciak (1.22.03) eta Lesakako Mayi Arriola Agirretxek (1.42.22) eta hirugarren gelditu ziren Mikel Unanua Arizmendi gartzaindarra (1.23.03) eta Ainhoa Amezketa Molina tabartarra (1.45.15).

Ibilbide luzeari dagokionez, Saioako kaskoraino igo ziren lasterkariak, 21,6 kilometrorekin eta 1.274 metroko desnibelarekin. Txapeldunak Inbuluzketako Mikel Ollo Huarte (1.59.01) eta Olagueko Maite Zubillaga Olague (2.42.12) izan ziren. Bigarren postua Xabier Tous Espelosin iruindarrak (2.02.35) eta Amets Maiztegi Landa hondarribiarrak (2.43.43) lortu zuten. Podiuma osatu zuten Julen Loiarte Mitxelena iruritarrak (2.06.35) eta Berriozarko Olatz Etxeberria Urrestarazuk (2.53.24).

Antolatzaileek berroetarren auzolana txalotu dute, «100 biztanle pasako herri batean 60 boluntario inguru ateratzen gara. Hain herri ttikian horrelako zerbait antolatzeak ikaragarrizko auzolana suposatzen du, eta inplikazio hori arras aberasgarria da». Aipatzekoa ere herriko bi lagunek parte hartu zutela lasterketan; Mattin Asiain Zelaiak eta Karlos Garaikoetxea Elsok. Goiza borobiltzeko, urtero bezala, berroetarrek bazkaria egin zuten herriko frontoian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun