Zeliakia

«Glutenik ez jateko modak kalte egiten digu zeliakia dugunoi»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 11a, 12:00

Izaskun Almandoz Elizalde I Lekaroz

«Lekarozen dagoen zeliako kopurua deigarria» dela dio Izaskun Almandoz Elizaldek: «Gainerako lekuetan ez dakit hainbertze izanen diren, baina beti kuriosoa iruditu zaigu herriko kopurua». Bera da horietako bat. «16 urte nituelarik, diagnostikatu zidaten». Elikadura aldetik ez zuen «inongo arazorik izan», eta sintomak larruazalean sumatu zituen: «Urte bat inguru pasatu nuen besoetan dermatitis baten ondorioekin, eta geroz eta larriagoa izaten hasi zenez, dermatologiatik zeliakia probak egitera bideratu zidaten». Hala jakinarazi zioten zeliakoa zela. Orduan utzi zuen glutena, eta «hilabete bat baino lehen hobetu zitzaidan larruazala. Ordura arteko arazoak ez ditut gehiago sentitu».

Horrekin batera, «etxekoek egoerara moldatu behar izan zuten, nahiz eta gainerakoen elikadura ez aldatu, kontuan hartu behar izaten baitute glutenak nire janariarekin kontakturik izan ez dezan». Baina hortik aparte, dieta egitea ez zaio «gogorra» egiten: «Elikadura moldatu behar izan dut, baina egunerokoan ogia eta guti gehiago aldatuz, ongi egokitu naiz». Kontatu duenez, «gogorrena egunerokotasunetik eta etxetik kanpo» egiten zaio: «ez baita hain erraza leku guzietan glutenik ez duen jatekoa izanen dutela ziurtatzea, edo jendea kontziente izatea».

Bere irudiko, «zeliakia jendearendako nahiko gai arrotza» da. Eta «hutsunea, nonbait izatekotan, ostalaritzan» sumatua du. «Garrantzitsua da janariarekin lanean dabilenak ezagutza eta kontzientzia izatea». Hain zuzen, horregatik, ostalaritzan halako egoerak kontuan hartzen dituzten lekuak txalotu ditu; «eskertzekoa da, ongi zainduak sentiarazten gaituzte». Horrekin batera, «glutenik gabeko produktuak aurkitzea geroz eta errazagoa» dela gehitu du. Baina eskatzen hasita, «kalitatezko produktuak» nahi lituzke: «Zenbaitetan sentsazioa dut glutenik gabeko produktuak baino zailagoa dela kalitatezko produktuak aurkitzea. Garrantzi guti ematen zaio kalitateari. Alferrik da glutenik gabeko ogia eskaintzea, labetik atera eta bortz minututara ogi hori ezin bada jan, gogortu delako».

«Garrantzitsua da glutenik ez jatearen arrazoia bereiztea»


Bertzetik, «azken aldian glutenik ez jatearen inguruan dagoen moda» kritikatu du: «Horrek kaltea eragiten ahal digu egiatan intolerantzia edo zeliakia dugunoi. Nahi ez duelako jaten ez duen jende aunitz dagoenez, zenbaitetan garrantzia kentzen zaio eta behin baino gehiagotan aditu behar izan dut 'pixka bat jateagatik ez da deus pasatuko' edo gisakoak, eragiten ahal digun kalteari larritasuna kenduz». Hori dela eta, «garrantzitsua» iruditzen zaio «glutenik ez jatearen arrazoia bereiztea, gaixotasunaren inguruko kontzientzia azpimarratuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun