16 gaztek osatu dute aurten 4. mailako musika klasea Lekaroz BHIn, eta ikasleak motibatzeko helburuarekin, musika ikasgeletatik ateratzeko proiektu soziala abiatu dute. Hiruhileko bakoitzean kontzertu bat eman dute leku batean: abenduan Elizondoko zahar etxean izan ziren, martxoan Benito Menni ospitale zentroan eta apirila akabailan Iruñean izan dira, Nafarroako Ospitaleko onkologia, geriatria eta pediatria unitateetan.
Hori dela eta, hiruhileko bakoitzeko lana kontzertu bakoitzak baldintzatu du, emanaldi guziak desberdinak izan baitira. Adierazi dutenez, helburuak ongi bete dituzte: «talde lana sustatzea, elkar entzutea, beldur eszenikoa gainditzea, publikoaren aitzinean jarrera egokia izatea, gelan landutakoa erakustea, musikarekin zerikusia duen emanaldia antolatzea (gorputz perkusioa, ahotsa, musika tresna berriak jotzen ikastea, baloiekin musika egitea, koreografiak asmatzea...) eta garrantzitsuena, publikoarengana ailegatzea, beraien eguna alaitzea eta denek elkarrekin bat egitea».
Amaia Cordoba irakaslearen gidaritzapean, hauek izan dira proiektuan parte hartu duten ikasleak: Ganix Alunda, Xabier Del Campo, Aimar Dyian, Mounir El Hadou, Aiert Fagoaga, Oihana Gamio, Lorea Gomez, Oihana Laurnagarai, Enaitz Lazkano, Azman Mami, Ibai Muru, Etxaun Ospital, Maite Pruaño, Unai Urrutia, Eider Urrutia, Eider Bikondo.
Ikasleendako «esperientzia berria eta aberasgarria izan da. Prestakuntza guztiaren ondotik, kontzertu eguneko talde lana: tresnak eraman, kotxea deskargatu, eszenatokia prestatu, entseguak egin eta zuzeneko emanaldiaren ondotik dena bildu eta ikastetxera itzuli. Hainbat leku eta errealitate ezagutu dituzte, baita hango jendea ere. Kontzertu baten aitzinetik dagoen urduritasuna eta ondorengo txaloen jasotzea zer den bizi izan dute. Aunitzendako lehenbiziko eta azkeneko aldia izan da oholtza baten gainean». Gainera, «arras harrera ona egin digute leku guztietan eta berriz itzultzeko gonbidapena ere luzatu digute. Seinale ona!».
Ikasleen erranetan, «arras esperientzia polita eta berezia izan da, klasetik ateratzeko, musika ikasteko eta gozatzeko aukera ederra. Ikaragarria izan da jendea animatzea eta beraien eguna alaitzea».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!