Irailean Elizondon egindako manifestazio jendetsuaren ondotik, zortzigarren kontzentrazioa zuten atzokoa Osasun Etxearen aitzinean. Izan ere, «manifestazioaren ondotik hobekuntzarako keinu ttikiren bat egon bazen ere, gaur da eguna Baztango anbulatorioetako egoerak tamalgarria izaten jarraitzen duena. Ratioak erabat bete gabe, eta betetzen direnean ere, egoera prekarioan eta inolako egonkortasunik gabe. Batzuk espezialitaterik ez dutenak eta euskararik ulertzen ez dutenak gainera». Udari begira, «ezin gara baikorrak izan oporraldien ordezkatzeari dagokionez».
Azaldu zutenez, hauxe da egungo egoera: «pertsona batek, hasiera batean, Elizondoko plaza hartu zuen, baina Arizkungo medikua jubilatzen zelarik ikusita, Arizkungo plaza hartu zuen. Elizondon irailetik dagoen pertsonak segitzen du, eta lehen egondako bertze bat etorri da, baina kontratuak maiz berritzen dizkiete. Azkenik, bertze batek lanaldi murriztua hartu du, astean 2-3 egun kontsulta pasatzen. Hutsunea momentuz bete da, prekarioki. Udaren atarian, ez dakigu zerbitzua nola bermatuko den».
Nafarroako Gobernuaren «utzikeriaren eta errespetu faltaren beste atal bat bizi izan dugu duela gutti, sei hilabetean behin elkartu ohi den Osasun Kontseiluaren bilera azken orduan bertan behera utzi duenean». Horren berri eman zuen Fernando Anbustegik, Baztango alkateak eta osasun kontseiluko lehendakariak. Osasun Kontseilua zer den, nork osatzen duen eta zertarako balio duen azaldu zuen, bertzeak bertze.
Hori dela eta, «mobilizatzen segitzeko beharra» nabarmendu du Baztango Osasun Plataforman. Ekaineko elkarretaratzea Elizondoko plazan eginen dute, hilaren 4an 19:00etan. Gainera, aitzinetik, bizikleta martxa eginen dute 18:00etan plazatik abiatuta.