Aurtengo sariketan parte hartzaileak bereziak izanen dira, ez baitira plazan dabiltzan bertsolariak izanen. «Bertso plazara jauzi egiteko bidea hertsia izan delako orain arte: herriko bertso eskolan hasi, eskolartekoan arrakasta izan, hortik gazte sariketetako deia jaso eta sariren bat lortu, txapelketan izena emateko adorea izan eta adore hori izateko legitimitate publikoa sentitu, plaza guztiei baietz esan…».
Bide «hertsi horrek, historikoki, batez ere, emakumeak eta genero disidenteak» baztertu dituela nabarmendu ditu antolakuntzak. Horregatik, aurten kantuan ariko dira bide hegemonikoan baina bertso jarduna utzi duten emakume eta genero disidenteak eta plazan bertso jardun egonkorrik ez dutenak.
Gainera, aurtengoan bertsolariak binaka ariko dira kantuan. Horren helburua da elkarri lagundu ahal izatea eta bertsolari autonomoaren ideiarekin haustea, bertsolaritza eta plazaratzeak taldean egiten direlako beti.
Bi saio eta finala izanen ditu txapelketak. Lehen larunbat honetan eginen dute Eskoriatzako Elizoste elkartean eta bertan kantuan ariko dira Amaia Elizagoien eta Malen Altzuart baztandarrak, Iraitz Sarasola eta Maddi Etxeberria, eta Markel Laskurain eta Lierni Rekondo. Gai jartzaile gisa Lierni Altuna ariko da,
Heldu den larunbatean, hilaren 17an jokatuko dute bigarren kanporaketa honako bertsolariekin: Irati Tolosa eta Joane Aldalur; Idoia Anzorandia eta Zihara Enbeita; Maddi Gallastegi eta Udane Mugerza eta Ainhoa Comas eta Julen Eizagirre. Gai jartzaile Jone Lizarralde ariko da.
Finala, aldiz, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean eginen dute maiatzaren 31n. Kanporaketa bakoitzeko irabazleak kantatuko dute eta baita ohorezko señora bikoteak ere, Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano. Gaiak jartzen Aizpea Garmendia ariko da.