Baztango eta Baigorriko gazteen arteko IV. topaketan izena emateko azken egunak

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 7a, 14:00

Baztango Udaleko eta Baigorriko Herriko ordezkariak ekimenaren aurkezpenean Baigorrin.

Maiatzaren 24an Izpegin izanen da topaketa eta hilaren 10era arte, larunbatera arte, eman daiteke izena

Baztango Udalak eta Baigorriko Herriak Atzoko, gaurko eta biharko sareak: Nor bizi da Izpegiren bertze aldean? ekimena antolatu dute bertze behin, bi ibarretako gazteen arteko harremanak sustatzeko eta elkarren historiak ezagutzeko helburuarekin.

Topaketaren laugarren edizioa maiatzaren 24an Izpegin izanen da eta historiaurrea izanen du gai nagusia, horren inguruko ekitaldi ugarirekin: sua pizten ikasteko tailerra, txalapartaren hastapenak, jokoak… Baztanen 12 eta 15 urteko gazteei zuzendua egonen da (2010-2013an sortuak) eta Baigorrin 11-15 urtekoendako (2010-2014an sortuak).

Jardunaldiak leku mugatuak izanen ditu eta maiatzaren 10era arte eman daiteke izena, Baztanen 689 03 50 78 telefonoan edo gizartezerbitzua@baztan.eus helbidean eta Baigorrin 06 43 62 23 22 telefonoan edo animazioa@baigorry.fr helbidean.

Egun osoko topaketa izanen da eta jarduera guziak euskara hutsean izanen dira. Horrez gain, norberak bere bazkaria etxetik eramateko eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!