Alde batetik, Bitartean, gero izeneko film laburra eginen du Baztanen, bertako jendearen parte hartzearekin. «Oroimena, keinuak eta emozioak ardatz» dituen fikziozko dokumentala izanen da, beraz, elkarrizketa batean parte hartzeko jendea bilatzen ari dira, bere istorio eta bizipenak kontatzeko prest daudenak.
Horrez gain, aktore lanetan eta talde teknikoan aritzeko (ekoizpena, soinua…) jendea behar dute, eta orduka ordainduko dute lan hori. Elkarrizketetan parte hartzeko edo lanean aritzeko interesa dutenek bitarteangero@gmail.com helbidera idazten ahal dute.
Zinema klub komunitarioa
Barrerasen bigarren proiektua Udalbiltzarekin eta Baztango Udalarekin batera martxan jarritako Zinema klub komunitarioa da. «Euskarazko ikus-entzunezko edukiak herrira hurbiltzea eta kultura partekatzeko gune bat sortzea» da ekimenaren helburua, «herritarren artean topagune eta eztabaidarako espazio bat sustatzea, ikusitako filmekiko iritziak eta gogoetak partekatuz».
Lehenbiziko proiekzioa maiatzaren 22an izanen da; eskola jazarpena lantzen duen Mundu txikia filma emanen dute eta ondotik eztabaida gidatua izanen da Ander Azkarate EHUko Pedagogiako irakaslearekin. 19:30ean Arizkunenean izanen da hitzordua.