Euskaraz jaio eta euskaraz bizi da Estebe Apezetxe Murua. Kontatu duenez, «euskara da sortu nintzenetik aditu dudana. Etxean ez da solas bat ere egiten erdaraz eta ikastolako hirugarren mailan gaztelera ikasgaia ematen hasi arte si eta no bertzerik ez nekien erraten». Ikasketa «osoak euskaraz» egin zituen eta horiek akituta, euskara bere ofizio bilakatu zen, «AEKn hasi bainintzen lanean». Gaur egun, «euskara hutsean bizi» dela dio.
Zure inguruan zein da euskararen egoera?
Erratzu herri euskalduna da eta oro har jendea euskaraz bizi dela erraten ahal da. Baztango herri gehienetan ere gauza bera gertatzen dela iruditzen zait, baina badira herri batzuk erdal kutsu handiagoa dutenak. Nire ustez, kezkagarriena gazte eta gaztetxoen artean gero eta erdara gehiago aditzen dela da.
«Nire ustez, kezkagarriena gazte eta gaztetxoen artean gero eta erdara gehiago aditzen dela da»
TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Hego Euskal Herriko 25 udalerrietako datuak hartuta, euskaldunen kopuruak beheiti egin du 1986Gk. Zer hausnarketa eginen zenuke?
Ez nuen uste hori hala zenik. Izan ere, gaur egun eskualdeko kasik haur guziek euskaraz ikasten dute eta horrek gutienez euskaraz jakitea ahalbidetzen die. Hortaz, euskararen ezagutza igaten ari zela uste nuen. Erabileraren afera bertzelakoa da eta horretan bai jaitsi dela uste dut. Eta doike, ezagutzak erabilera gabe ez du deusetarako balio!
Zer da, zure ustez, garrantzitsuena: euskararen kalitatea edo hiztun kopurua?
Neurri batean biak elkarri lotuta doazela iruditzen zait. Hiztun kopuruak garrantzitsuagoa ematen ahal du, baina euskararen kalitatea jaisteak erdarara hurbiltzea erran nahi du eta ondoko pausoa erdarara jotzea izaten ahal da.
Zer da zuretzat kalitatezko euskara?
Baserrietan lehen solastatzen zena, euskalkia atxikiz, hiztegi aberatsarekin eta erdararen eragin tipiarekin.
Gero eta kezka gehiago sortzen du euskararen kalitateak. Aunitzen ustez, beheiti egin du...
Horretan ez dut zalantzarik. Beheiti egiten ari da eta aunitz gainera. Erdararen eragina nabaritzen da, ez bakarrik hitzetan, egituretan ere bai. Iduri du euskaraz ezin direla espresio adierazgarriak erabili eta horretarako erdarara jotzen da. Horren ondorioz, euskararen aberastasuna galtzen da. Eta euskalkiari dagokionez ere gauza bera pasatzen da. Etxetik euskara hartzen ez delarik, eskolako euskara gero eta batuagoa ikasten da, nortasun gutiago duena eta artifizialagoa.
Euskara kamutsa dutenak belaunaldi gazteak direla aditzen dugu maiz. Zer pentsatzen duzu?
Gazteak eta gazteak ez direnak! Lehen erran bezala, baserri giroko adin batetik goitikoez aparte, ez da inor libratzen! Gazteek beren aitzinekoek egiten dutena errepikatzen dute, ez bertzerik. Beraz, haien gurasoak edota helduak erdaraz aditzen badituzte ziur erdarara joko dutela.
Haurren eta helduen euskarak aunitz aldatu dira zure inguruan?
Bai, lehengo zaharretatik gure garaira aldatzen ari da. Eta hein batean normala da, hizkuntzak elementu biziak baitira eta gizartearekin batera aldatuz joaten baitira. Beraz, ezin gara beti aldaketa horiengatik gibelera begira egon. Hala ere, onartu behar dut pena ematen didala Baztango mintzoarenak diren solas eta espresioak galtzen ari direla ikusteak.
«Kanpotik hona etortzen den batek euskaraz ikasteko beharra sentituko da ikusten badu hemen denok edo aunitzek erabiltzen dugun hizkuntza dela»
Artzeren esaldi ezaguna: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek solas egiten ez dutelako baizik». Hori leituta, zer etorri zaizu burura?
Egia handi horietako bat da, egunerokotasuna beti mantenduko duen esaldi zaharra. Euskaraz ez dakitenek gure hizkuntzarako pausoa emateko ezinbertzekoa da dakitenak solastatzea. Bertze modu batera erranda, kanpotik hona etortzen den batek euskaraz ikasteko beharra sentituko da ikusten badu hemen denok edo aunitzek erabiltzen dugun hizkuntza dela.
Eta Lazkao Txikiren «Laster erdaraz ariko gara euskaraz ari garelakoan» leituta?
Inguruan baditut horrela solastatzen direnak, ez pentsa! Euskaraz ari direnak, baina tartean espresio eta esaldi osoak erdaraz egiten dituztenak. Beraz, Lazkao Txikiren esaldia gertatzen ari dela uste dut, batzuk euskaraz ari direlakoan kasik erdaraz ari direla.
«Gaur egun kontrako jarrerak ez dira aunitz, baina aldeko jarrera kontzienteak ere gero eta gutiago dira»
Euskararekiko zer jarrera sumatzen duzue zuen inguruan?
Gaur egun kontrako jarrerak ez dira aunitz, baina aldeko jarrera kontzienteak ere gero eta gutiago direla erranen nuke. Gainerako alorretan bezala, euskararekin gaiarekin gero eta pasiboagoak gara. Kontrako jarrerak gutitzen joan diren heinean, aldeko sua itzali egin da. Baina argi izan behar dugu aitzinera eginen badugu, aldeko jarrera tinko, kontziente eta arduratsu batetik izanen dela.
Egoerari buelta emateko, zer proposatuko zenuke? Zer egin beharko genuke?
Jakinen banu! AEK-n jendea euskalduntzeaz gain, hiztun aktiboak sortzen saiatzen gara eta gure helburua Euskal Herri gero eta euskaldunagoa sortzea da. Hortaz, gure erronketako bat da egoera honi buelta ematea. Nire ustez, erreferenteak behar ditu euskarak eta horretan dago giltza. Erreferenteak eguneroko bizitzan, lagunak, lankideak, gurasoak, seme-alabak; erreferenteak kirolean, kulturan, politikan eta erreferenteak gero indar handiagoa duten sare sozialetan. Argi dago eskoletan euskara ikasteak ez duela erabilera bermatzen eta hori ez da aski.