Autoak espaloietan uzteak herritarrei ekartzen dizkien kalteez ohartarazteko kanpaina abiatu du Baztango Talde Ekosozialak. Horretarako, kartelak paratu dituzte Elizondon, eta horietan haurrak, zirrikadun aulkietan ibiltzen direnak edo haurren orgattoak baliatzen dituztenak trabaturik ageri dira, «egunerokoan maiz errepikatzen den egoera».
Azaldu dutenez, «jakina da auto gidari gehienek autoa behar den tokian uzten dutela, baina badira espaloietan ere uzten dutenak, oinezkoak trabatuz. Segur aski, intentzio txarrik gabe egiten dute, uste izanez inor trabatzen ez dutela. Baina ez da horrela, guztiz trabagarria da. Gure herrietako espaloi gehienak aski meharrak baitira, eskasak, bazterreko eremu, eta tona eta erdiko metalezko ibilgailu baten uzteak, bistan denez, alimaleko eragozpena ekartzen du».
Aipatutakoa, «baliteke inertziak bultzaturik izatea, autoaren gidatzeak berez dakarren espazioaren ulertzeko modu jakin batengatik. Eta, ondorioz, horrelako traste handiaren barnetik ez ohartzea gauzen gaizki egiteak. Baina izaten ahal da, halaber, azkeneko urteetan nagusitzen ari den muturreko indibidualismoaren saihetsetik heldu den jokabidea, batere zibikoa ez dena. Zeinean gauzen eta jokabideen neurria norbera den, zikinkeriak lurrera bota, alimaleko ziztu eta burrunban motoz edo autoz behetiko karrika gurutzatu, zuhaitzak hautsi, zakur kakak ez bildu… Eremu publikoari buruz hedatzen ari den jokabide indibidual axolagabe eta zabarra».
Horri gehitu diote «espazio publikoaren banaketa ez dela inondik ere bidezkoa. Autoen hedapen masiboaz geroztik, hiri, herri eta auzoak autoen arabera antolatu dira, eta toki horietako eremu publikoak ere bai, oinezkoak eta bertze mugikortasun moduak arrunt bazterrean utziz. Autoei eman zaie karriketako zati handiena, errepideak eta aparkalekuak ere autoendako, eta gainerakoendako espaloi estu bat bertzerik ez, eta, horietan, gaizki aparkatutako autoak».
Hala ere, «espazioaren antolaketa eta banaketa bidegabe hori itzulikatzen ari diren edo itzulikatu duten hiri eta herriak egon badaude, herritar guztiendako bizitoki hobeagoak eta funtzionalagoak sortu dituztenak, Herbeheretan, adibidez».
Gauzak horrela, «gaizki aparkatutako autoengatik herritar kalteberenek bizi dutena paneletan paratuz, bertzearen tokian jartzeko gonbidapena egin nahi du Talde Ekosozialak, alteritate ariketa, eta horrela pentsatuz eta jokatuz, zero euro inbertituz herria pixka bat hobetzea. Espaloietan autoak ez aparkatuz. Horra iraultza ttiki handia».