EUSKARAREN EGOERA

«Euskara inguruko hizkuntzak bezain prestigiotsua dela sinetsi behar dugu»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 2a, 17:00

Paskual Rekalde Irigoien | Euskaltzain osoa | Amaiur

Gaztelaniaz «eskolan» ikasi zuen Paskual Rekalde Irigoienek, eta «lehen eta bigarren hezkuntzako eta erdizka Euskal Filologiako ikasketak halabeharrez hizkuntza horretan» egin zituen. Baina hortik aparte, euskararen bueltan ibili da, eta hala dabil. Testu administratiboen itzulpenean aritu da ia 35 urtez eta gaur egun, euskaltzain osoa da. «Beraz, euskaraz bizi naiz eta halaxe segitzen dut».

Zure inguruan zein da euskararen egoera?

Bi ingurutan bizi naiz nagusiki: batean, sorterrian, Amaiurren, euskaraz bizi naiz. Bizi gara nagusiki baztandarrak, herritik herrira aldaketak badira ere. Eta, bertzean, Iruñean, giroa erdaldun samarra bada ere, ez da ia duela 40 urte ezagutu nuena bezalakoa. Nolanahi ere, euskararen jakitea eta erabilera ez dira bat, euskaraz jakinagatik ere erdara nagusitzen ari da.

«Hausnarketa handia egin eta egoera kezkagarri honi konponbidea eman behar diogu ahalik eta lasterren»

TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Hego Euskal Herriko 25 udalerrietako datuak hartuta, euskaldunen kopuruak beheiti egin du 1986tik. Zer hausnarketa eginen zenuke?

Datu kezkagarria da hori. Euskara eskolan, administrazioan eta komunikabideetan sartu da, eta horrekin uste izan dugu erabilera bere horretan mantendu edo hobekituko zela, baina ez da hala izan. Hausnarketa handia egin eta egoera kezkagarri honi konponbidea eman behar diogu ahalik eta lasterren, gainera.

Gaitasunean ere sumatu duzu aldaketa?

Etxetik euskara ekarri edo ez, gaur den eguneko baztandar aunitz, bereziki, gazteak, gai dira euskaraz eskribitu eta mintzatzeko. Lehena eskolari zor zaio, baina aunitzek uste dute euskara eskolako kontua dela eta handik atera eta jo eta su gaztelaniaz ari dira. Egia errateko, helduagoak ere ari dira karraskan gaztelaniaz. Ezin, orobat, heldu horietako batzuk gazte horien hizkuntza eredu izan.

Zer da, zure ustez, garrantzitsuena: euskararen kalitatea edo hiztun kopurua?

Biak beharrezkoak eta osagarriak dira. Bai, naski! Ezin bataren edo bertzearen alde egin. Aitzinamendu guti eginen dugu euskara txarra ahoan darabilten hiztun gehiago baditugu, mintzoan gaztelania euskarari, eta maiz euskara kaxkarrari, nagusitzen zaion hizkera bertzerik ez dutenak badira.

Zer da zuretzat kalitatezko euskara?

Ongi dakigun bezala, euskara geografikoki bi hizkuntza handien artean bizi da, atzendu gabe ingelesaren aldeko xarma. Euskararen kalitateak higadura nozitzea ez da harritzeko. Gaztelaniaren eta frantsesaren kalitatea ere ez da anitzek nahi luketena. Euskara kalitatekoa izanen da baldin eta, nork berea duen mintzoa ukatu gabe, baliagarria bada gizartearen zernahi alorretan erabiltzeko gaztelaniara edo frantsesera jo gabe.

«Euskara mailaz beheratu da. Ez gazteenak bakarrik, baita helduenak ere»

Gero eta kezka gehiago sortzen du euskararen kalitateak. Aunitzen ustez, beheiti egin du…

Jakina! Mailaz beheratu da. Zenbat? Ez dakit. Ez gazteenak bakarrik, baita helduenak ere. Gure aita zenari ere, aspaldixko, gazte zelarik, herriko andre xahar batek behin baino gehiagotan erran zion arrunt euskalgaitzak zirela garai hartako gazteak. Pentsa!

Euskara kamutsa dutenak belaunaldi gazteak direla aditzen dugu maiz…

Aitzineko galderan erran dut gazteen euskara maila apaldu eta kamustu dela. Gertatzen dena da gaur zernahi estimulu erakargarri dutela inguruan eta estimulu horiek ez direla nagusiki euskarazkoak. Alor horri ahalik eta lasterren ekiten ez badiogu, fite errekaratuko gara.

Haurren eta helduen euskarak aunitz aldatu dira zure inguruan?

Urte gutitan pasatu gara euskaldun analfabeto izatetik, hau da, euskara etxeko eta karrikako ahozko mintzo izatetik, eskolako, administrazioko eta komunikabideetako hizkuntza ere izatera. Euskara batua irakatsi da eta gaur den egunean hala irakasten da, euskara batuaz eskribitzen dira gure inguruko egunkariko eta aldizkari honetako idazkiak, tokian tokiko euskararen ezaugarriak eta ñabardurak bilduz, gutiz gehienetan. Horrek berekin ekarri du euskara batuago bat egitea, herriko hizkera oinarri duen euskara batuago bat. Alabaina, herri hizkera hori aunitz ahultzen ari da.

Artzeren esaldi ezaguna: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek solas egiten ez dutelako baizik»…

Lehen urratsa dakienak mintzatzea da, solas egitea. Ez da zilegi ez dakienari egin dezala eskatzea, baldin eta dakigunak karraskan erdaraz ari bagara. Urte anitzez borrokatu ondotik, euskaldunek uste izan dugu gaztelaniaren eta frantsesaren kontrako gudua irabazia genuela. Baina orain ez da hala, ezta hala izanen ere etorkizunean euskal hiztunek ipurdia mugitzen ez badugu eta gure agintariek eta hizkuntza politikako arduradunek plangintza serioak egiten ez badituzte. Euskaldunak lehen lerrora atera behar dugu eta erakutsi euskara dela gure hizkuntza, baztertu gabe, jakina, inguruko hizkuntzak (gaztelania, frantsesa) eta ingelesa.

Eta Lazkao Txikiren «Laster erdaraz ariko gara euskaraz ari garelakoan» leituta zer pentsatzen duzu?

Ez dakit mutur horretarainoko bidea egiten ari garen. Baina jende aunitz ustez euskaraz ari da gaztelania buruan (bihotzean?) duela, eta gaztelaniaren eta frantsesaren egiturak euskarara ekarrita. Nahasteka mingarria aho-ezpainetan, gainera.

«Herri hizkera aldatzen ari da, ahultzen»

Herri hizkerarekin zer ari da pasatzen?

Aldatzen ari da, ahultzen. Ez da urte batzuk zen bezalakoa, eta ez zen duela bi mende ere duela berrogeita hamar urte bezalakoa izanen naski. Erraten ahal da herri hizkerak batzen ari direla, euskara baturako bidean joaki direla. Euskaltzaindiak 1979an erran zuen «Euskalkiak baino lehen, hor da euskara. (...) Izan ere, bada oraindik lehen ere izan den bezalaxe, euskara bakar bat euskalkien ñabardurak estaltzen eta itxuraldatzen ez duena. Euskalkien eta tokian tokiko hizkeren arteko bereizkuntzak, egungo egunean ere, axaleko itxuraldatzeak dira batik bat, hizkuntzaren muin sakona bere iraunkor hartan uzten dutenak».

Zerk huts egiten du?

Ez da erraza hutsak identifikatzea. Herri honetan espezialistak gara hutsak identifikatzen, zer egin behar den eta ez den paperetan paratzen. Eta, zinez, hori guzia ez gertatzeko zer egiten dugu, zer egiten dute gure agintariek? Deus guti.

Euskarak prestigioa behar du?

Jakina! Euskaldunok sinetsi behar dugu euskara inguruko hizkuntzak bezain prestigiotsua dela eta baliagarria izanen zaigula gizartearen edozein eremutan aritzeko, gure mintzoa ez dela bigarren mailakoa eta gaztelania, frantsesa eta ingelesa lehen mailako hizkuntza nazioartekoak direla. Lehenagoko denboretan batzuek erraten zuten «euskaraz ikasten baduzu, ez zara urrun joanen eta euskarazko agiria ateratzen baduzu, ez zara hartaz baliatuko; hobe zenuke ingelesa ikastera entseatzea». Baina dena ez digute bertzeek eginen.

Euskararekiko zer jarrera sumatzen duzue zuen inguruan?

Maiz jokatzen dugu dena egina bagenu bezala; euskara eskolan, administrazioan eta komunikabideetan sartu eta dena konponduko zela uste izan dugu. Ez da erraza beti guduaren lehen lerroan izatea, baina dena ez digute agintariek emanen.

Egoerari buelta emateko, zer egin beharko genuke?

Dena ezin da herritarraren bizkar utzi. Gobernuen hizkuntza politika eraginkor eta epe luzekoak behar dira, eta, jakina, hori egiteko borondate politikoa, ez bakarrik lau urtean behingo hauteskundeen emaitzetara murriztua. Eskas gabiltza alor horretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!