Ofizioz euskara irakaslea da Maitane Maritorena Azkarate, eta euskara bihotzean darama: «Euskara nire baitan dago, euskara gabe ez naiz ni, euskarak egiten nau naizena. Izatea da niretako».
Zure inguruan zein da euskararen egoera?
Nire ingurua zein den nik erabakitzen dudanez, arras ona! (Kar-kar). Anizen bizi naiz, Baztanen, UEMAn dagoen udalerri batean, hortaz, erantzunak nahitaez ona izatea eskatzen du, nahiz inoiz ez den ailegatuko nik nahiko nukeen horretarat.
TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Hego Euskal Herriko 25 udalerrietako datuak hartuta, euskaldunen kopuruak beheiti egin du 1986tik. Zer hausnarketa eginen zenuke?
Euskal Herrian oro har, euskararendako arnasgune diren udalerrietan egoerak okerrera egin du, ongi dagoenak makurragora joateko aukera gehiago dituelakoz. Euskararen egoera makurragoa zuten eremuetan, berriz, datuak hobetu egin dira. Iruñean edo Erronkarin datuak aise hobeak dira 1986an baino, gure kasuan berriz, alderantziz.
Gure eskualdean euskara etxetik hartu izan dugu gehiengoak, eta etxetik euskalduna ez zen pixarra eskolak euskaldundu du. Gaur egun, ordea, jende anitzen etxeko hizkuntza ez da euskara, eta gero eta gehiago dira euskara eskolako hizkuntza dutenak bakarrik.
Dena den, datuek okerrera egin badute ere, hezkuntza arloari dagokionez anitz hobetu dugu, 1986. urtean A eredua bizi-bizirik zegoen, Baztanen bederen, gaur, berriz, gutiengoa dira.
«Erabiltzen ez den edozein gauza herdoildu egiten den bezala, herdoiltzen da hizkuntza ere»
Gaitasunean ere sumatu duzu aldaketa?
Bai, nabarmen. Erabiltzen ez den edozein gauza herdoildu egiten den bezala, herdoiltzen da hizkuntza ere. Ezagutzan goiti goaz, hezkuntzak jende anitz euskaldundu du, baina euskalduntzea hizkuntzaren ezagutzan gelditu dela iruditzen zait, gero eta jende gehiago da euskaraz badakiena, baina aldi berean, gero eta gehiago da, D ereduan ikasiagatik, solastatzeko gai ez dena.
Zer da, zure ustez, garrantzitsuena: euskararen kalitatea edo hiztun kopurua?
Galdemodu horren gibelean tranpa dagoela iruditzen zait, hizkuntza zapalduotako kideei maiz egiten dizkigute mota horretako galderak, beti hautatzen arituko beharko bagenu bezala: mediku euskalduna edo ona nahiago dugun galdetzea bezala da. Nik mediku euskaldun ona nahi dut.
Zenbatenaz eta hiztun gehiago hobe, bistan denez, baina edozein preziotan? Bertzalde, euskaraz mintzatzen garenak arras ongi mintzatzeak zenbateraino balio du guti baldin bagara? Zoritxarrez, ez gaude hautatzeko egoeran, baina munduko hizkuntzen mapa hartzen badugu, ez gaude uste dugun bezain gaizki ere. Munduan dauden 7.000 hizkuntzetatik arras guti dira milioika hiztun dituzten hizkuntzak. Gure kasuan, miloi bat hiztun inguru omen gara, hortaz, munduko 7.000 hizkuntzak kontuan hartuko bagenitu, gure egoera arras ona litzateke.
Dena den, hizkuntzaren kalitatearen kontua ez da euskaldunon «arazoa» edo kezka bakarrik. Hizkuntza handietan ere kezka hori egon, badago.
Zer da zuretako kalitatezko euskara?
Ongi mintzatzea, euskaraz aritzea euskaraz ari garelarik, eta ez euskaraz ari garen ustean lautik hirutan espainol edo frantses hitzak sartzea, edo euskal hitzak sartzea baina espainoleko egiturarekin.
Euskara kamutsa dutenak belaunaldi gazteak direla aditzen dugu maiz…
Belaunaldiz belaunaldi errepikatzen den esaldia dela, «gure garaian, gu gazte ginelarik, oraiko gazteak…» eta hizkuntzarekin gauza bera gertatzen da. Garaiak aldatzen diren bezala aldatzen dira hizkuntzak ere. Euskara kamutsa baino gehiago, beraien belaunaldiko euskara dute, maileguz betea, ingelesezko hitzez betea, sare sozialek eta inguru digitalak eskaintzen dizkien hitzez betea… beraien inguruak, aunitzetan, gehiegitan ez du euskaraz egiten.
Gure gazteen gehiengoak D ereduan ikasten du, baina gazte horietarik anitz, hiztun pasiboak dira: D ereduan egonagatik orduak pasatzen ahal dituzte isil-isilik, bertzeek diotena entendituko dute, baina ez dira gai esaldi bat zuzen egiteko. Beraiendako euskara eskolako hizkuntza da, hortik kanpo munduak espainolez funtzionatzen du. Gazte horiendako euskara kamutsa izanen da nahitaez.
Euskara kamutsa izateak lotura zuzena du gaitasunarekin: Gaitasunik ez duena ez da eroso arituko solasean, ez bada solastatzen, gaitasuna galtzen da, gurpil zoro horretan, gaitasuna hobetzeko erabilera da gakoa.
«Egunerokoan gazte eta nerabeekin ari naiz lanean, gozatu bezainbertze sufritzen dut zenbaitek duten euskara mailarekin, eta gure-gureak diren hitzak galtzen ari direla ikustean»
Haurren eta helduen euskarak aunitz aldatu dira zure inguruan?
Gizarteko aldaketek hizkuntzan eragin zuzen-zuzena dute. Hizkuntzak, bertze gauza anitzen artean, pentsamendua eraiki eta gure errealitatea izendatzen du, hortaz, aldaketa nahitaezkoa da. Gure aitzineko belaunaldietatik gurerat nekazaritzako tresnen izenak galdu genituen, gaur egun, berriz, hitz berriak sortzen ari dira, gehienak teknologiarekin lotuta, ingelesetik hartzen ari dira izen anitz… Gazte eta haurren erreferentziak espainolez, frantsesez edo ingelesez dira gehienak, hori bistan denez, euskararen kaltetan da.
Egunerokoan gazte eta nerabeekin ari naiz lanean, gozatu bezainbertze sufritzen dut zenbaitek duten euskara mailarekin, eta gure-gureak diren hitzak galtzen ari direla ikustean. Niretako eguneroko hitzak diren zenbait hitz arrotzak dira gaztettoendako: -Egun on, in duzu lo? gutik erabiltzen dute gazteen artean, eskuara hitza ere dagoeneko ez du inork erabiltzen, doike hitza ere gure-gurea dena, gutik erraten dute, hiruretan hogeitik goiti zenbakiak errateko modua anitzek ez didate entenditzen, haurride hitza ere ez dakite zer den, gelan badira ahizpak bakarrik dituzten ikasleak, horiendako anai-arreba hitzak ez duela balio aipatzen diet, horretarako badugula gure-gurea den hitza generorik markatzen ez duena… adibide pixar horiek haur-gazteen artean galtzen ari diren hitzak lirateke. Hitzak galtzeaz gain, gaur egungo solastatzeko moduan espainolezko egitura erabiltzen dute ze ba ez dut nahi… (ez dudalakoz nahi beharrean)... sare sozialetan ikusten dutena erreproduzitzen dute…
Artzeren esaldi ezaguna: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek solas egiten ez dutelako baizik». Hori leituta, zer etorri zaizu burura?
Artzek euskal kulturgintzari egin dion ekarpen ikaragarria aintzat hartuz eta bere lana miretsita ere, ez nago ados esaldi horrekin. Bertze behin hiztunaren gain uzten da hizkuntza baten biziraupena, eta hemen hizkuntza bat galtzen bada ez da norberaren borondate edo erabakiarengatik. Gure kasuan bi estaturen menpe gaude, bi estatuk gure hizkuntzaren kontra martxan duten makinaria guziaz gain, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko legeek ez dute gure alde egiten, hortaz, ez da bidezkoa hiztunaren gain uztea zapaldutako hizkuntza baten biziraupena, norberaren borondatea ez da aski.
Euskal Herrian 3 milioi pertsona bizi bagara eta euskaraz badakigunak milioi bat hiztun baldin bagara… dakigun guziak euskaraz arituko bagina ere, hirutik bat bakarrik izanen ginateke. Kontuan hartzen badugu, gainera, edozein egoera eta elkarrizketatan euskaraz ez dakien pertsona bat dagoela eta harengatik espainolez edo frantsesez egiten dela, gezurra da hizkuntzaren salbazioa euskaraz dakigunongan dagoela.
Hori hala izanik ere, egia da, dakigun guziok arituko bagina, bertze kontu bat litzatekeela, eta dudarik gabe, bertze eragin bat izanen lukeela.
Eta Lazkao Txikiren «Laster erdaraz ariko gara euskaraz ari garelakoan» leituta?
Esaldi honetatik hurbil gaude, dagoeneko, eta gure erreferente beharko luketenak nola solastatzen diren ikusita… ba horixe. Espainol anitz jakin behar da zenbaiten euskara entenditzeko. Ez akaso espainolez ari direlakoz, ezpada euskaraz ari diren ustean espainolezko egiturak kopiatzen dituztelakoz.
Herri hizkerarekin zer ari da pasatzen?
Herri hizkera galtzen ari da argi eta garbi. Gaur egun euskaldunen gehiengoa ez da etxetik euskalduna, horrek erran nahi du herriko hizkera ikasteko kanpoan edo eskolan ikasi behar dela. Eskolan testuliburuak euskara batuan daude, komunikabideak, literatura… hizkuntza batek normalizatzeko nahitaez behar du estandarra, gure kasuan euskara batua, horri esker euskaldundu dira milaka eta milaka pertsona, horren ifrentzua herri hizkeraren gainbehera da. Arestian aipatutakoaren bidetik, Baztango gazteek ez dute eskuaraz egiten, euskeraz egiten dute, ez dute lauretan hogei erraten, laurogei erraten dute, aitzinean eta gibelean ere gero eta gutiago erabiltzen dute, aurrean eta atzean erraten dute… jakin gabe aitzinean-gibelean, lauretan hogei... hori ere batua dela, doike!
Euskarak prestigioa behar du?
Euskarak prestigioa behar du, euskarak bere aldeko politikak behar ditu, euskarak erreferente euskaldunak behar ditu, euskarak adimen artifiziala behar du, euskarak youtuberrak behar ditu, fundamentuzko telebista bat behar du… finean, euskarak bertze hizkuntza normalizatu guziek dituzten gauza guziak behar ditu.
«Gero eta gazte eta nerabe gehiago dira espainolez ari direnak, mutikoak gehienbat»
Euskararekiko zer jarrera sumatzen duzue zuen inguruan?
Hamar urte baino gehiago baditut dagoeneko Lekarozko institutuan lanean ari naizela, eta ikaragarria da, hamar urte hauetan espainolaren presentziak izan duen gorakada. Gero eta gazte eta nerabe gehiago dira espainolez ari direnak, mutikoak gehienbat.
Ikusten ari naizen joera da, gaizki ulertutako adierazpen askatasunaren izenean, ikasleei zerbait erran, eta «ni nahi dudan hizkuntzan solastatzen ahal naiz» diotenak.
Ikasleez gain, irakasle anitzek ez dute hizkuntza zapaldu bateko irakasle izatearen kontzientziarik, ikasleei espainolez adituz gero, ez diete deus ere erraten. Gaur egun gainera, digitalizazioa dela eta, ikasle guziek dituzte chromebookak, gehien-gehienek espainolez, informazioa espainolez bilatzen dute… Norbaitek onartuko luke D ereduan testuliburuak espainolez ematea? Horixe da gertatzen ari dena. Onartezina eta salagarria da.
Bertzalde, institutuko egoeraz gain, karrikan, bilkuretan, ostatuetan, sare sozialetan… euskararen kontrako jarrera lotsarik gabe adierazten dutenen kopuruak goiti egin du. Me hablas en español, no te entiendo, estamos en España dioten gero eta mezu eta jende gehiago aditzen ari gara zoritxarrez, euskara ez jakiteagatik harro daudela dioten gero eta adierazpen gehiago.
Egoerari buelta emateko, zer proposatuko zenuke? Zer egin beharko genuke?
Hizkuntza gatazka botere gatazka da argi eta garbi. Euskararen beharrezkotasuna arlo guzietan, inongo konplexu gabe. Euskararen kontrako oldarraldi bete-betean gaude, garai gogorrak heldu dira, eta irudipena dut diskurtsoa falta dugula, etsaiarena irentsi eta zenbait euskaldunek ere euskaraz jakitea inposizioarekin lotzen dutela. Herri baten berezko hizkuntza ez dela inposatzen ahal jakin gabe, herri baten berezko hizkuntza jakin egin behar da eta kito!