Maiatzaren 19tik 23ra izanen da Aroztegiko zazpi auzipetuen epaiketa, eta absoluzioa eskatzeko helburuarekin, jarduera ugari antolatu ditu Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Maiatzaren 4an, igandetik aitzinera, kanpaldia eginen dute Elizondoko plazan hurrengo ortziralera arte.
Kanpaldiko egitaraua aurkezteko eta epaiketaren berri emateko, prentsaurreko jendetsua eginen dute igande honetan plazan 17:00etan, eta ondotik hasiko da aste osoko kanpaldia: kontzertuak, bertsoak, solasaldiak, bizikleta martxa, kotxe karabana… ekitaldi ugari antolatu dituzte egunero. Ekitaldi horiez gain, kanpaldian parte hartu nahi dutenek 638 150 510 telefono zenbakian eman dezakete izena.
Solasaldiak gaur Baztanen
Horrez gain, gaiari buruz informatzeko solasaldiak eginen dituzte gaur arratsaldean Baztango lau kuarteletan:
- Baztangoiza: Erratzuko Elkartean 19:30ean.
- Elizondo: Lekarozko Elkar Txoko elkartean 20:00etan.
- Erberea: Iruritako Gizarte Bilgunean 20:00etan.
- Basaburua: Anizko Elkartean 19:30ean.