«Gartzainen elkartasun haundia dugu herritarron artean»

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 26a, 11:00

Gartzainen 2025/26ko agintaldiko zinpeko alkatea da Aleman.

Migel Angel ALEMAN SARRATEA, Gartzaingo alkatea

Karguan hamar urtez aritu ondotik, herriko alkatetza utzi du aurten Fernando 'Dani' Arraztoa gartzaindarrak, eta Migel Angel Alemanek hartu dio lekukoa

Urte hasmentan hartu zuen Gartzaingo aginte makila Migel Angel Alemanek, Fernando Arraztoa ordezkatuz alkatetzan. Herrian orain arte egindakoaz eta etorkizuneko asmoez mintzatu da.

Zergatik hartu zenuen kargua?

Alkateari laguntzeko lantaldean sartua nintzen aitzineko urteetan, eta aurten niri tokatzen zitzaidala iduritzen zitzaidan.

Nola osatzen duzue lantaldea?

Gartzain arras ttalla da baina banatuta dago, eta taldean auzo bakoitzeko bat sartzen saiatzen gara beti, haien auzoko problemak eta lanak kudeatu ahal izateko. Eta ur komisiokoak bi dira, hortaz, sei-zazpi elkartzen gara guzira. Aurten taldekide batzuk aldatu eta jende gazteagoa sartu dugu, haiek ere herriko aferak eta lanak ikasten has daitezen eta etorkizunean belaunaldi berri bat sartzeko alkatetzan.

Lanak banatzen dituzue?

Auzoka antolatzen gara eta lan edo arazoak agertzen direnean elkartzen gara, gainera, orain WhatsApp-arekin, nahiko erraza dugu antolatzeko. Herriko kontu orokorretan taldekide guziak elkartzen gara eta ikusten badugu herri osoak hartu beharreko erabakia dela, batzarra antolatzen dugu denekin solastatzeko.

«Ez gara denera ailegatzen eta lehentasunak zehaztu behar izaten ditugu»

Zein izaten dira zuen lan nagusiak?

Ur hornidurako arazoak eta bideen mantentze lanak batez ere, auzolanak antolatzea, eta hori udalarekin tramitatzea. Zeren Gartzainen bestak eta inauteak gazteek antolatzen dituzte, eta Orakunde eta Olentzero eguna Guraso elkarteak, nahiz eta horietan alkatetza taldeak ere lagundu.

Eta alkatearen ardurak?

Edozein lan egiteko udalean instantziak aurkezten ditut, eta Batzar Nagusian ere parte hartzen dut.

Erraza da aurpegia ematea herriaren izenean?

Bai, herrian ez dugu inongo arazorik izaten horrekin eta alde horretatik lasai joaten naiz. Zerbaitekin zalantza baldin badugu, batzarra antolatzen dugu lehenagotik herrian, baina orokorrean ongi.

Zein behar ditu Gartzainek?

Bideen konponketak batez ere. Pista pila bat ditugu eta herrian ere zolaberritze lan aunitz behar dira. Asfalto eta hormigoi metroak neurtuak egoten dira eta jendea juxtu ibiltzen da tokatzen denarekin, gehiago behar izaten da beti eta hori borrokatzen da… ez gara denera ailegatzen eta lehentasunak zehaztu behar izaten ditugu, behar-beharrezkoak direnetatik hasiz. Erabaki horiek zailak dira eta badakigu ez dugula denen gustua eginen, baina ez dugu problema handirik izaten; badakigu aurten alde batean egiten badugu, heldu den urtean bertze batean eginen dugula. Argiarekin ere istorioak izaten ditugu, beti izaten da etxeraino farola gehiago eskatzen duena… baina orokorrean zolaberritze lanak dira gure beharrik handiena. Ur hornidurak oraingoz nahiko kontrolatuak ditugu eta ongi moldatzen gara.

«Etorkizun ona ikusten diot Gartzaini, gaur egungo gazteria herrian gelditzen ari delakoz»

Zein lan egin dituzue orain arte?

Frontoiaren gibeleko aldea lona batekin hesten genuen eta duela urte bat hori aldatu eta pertsiana berri bat paratu zen itxitura egiteko, eta oinezkoendako ate bat ireki genuen. Uraren instalazioetan ere ihes pare bat konpondu ditugu. Orain erreketa garaia dugu eta mendia erretzeko eskaera batzuk eginak ditugu, horretan gabiltza.

Eta aitzinera begira zer asmo?

Ideia aunitz ditugu… udalarekin solasean ari gara eskolaren sabaia moldatu eta biltegi bat egiteko. Herriko plazan, eskola inguruan, zolak urte dezente daramatza ukitu gabe eta harria hondatua du, eta hori txukundu eta berritu nahi dugu. Hurrengo bizpahiru urteetan egitea espero dugu.

Alkatetzaren alde on eta txarrak?

Alde ona esperientzia berri bat dela, eta herriaren aldeko ekarpena egiteko aukera ematen dizula. Gainera, udalaren funtzionamendua ezagutzeko aukera ematen du, aunitzetan kexu gara gauzak eskatzen ditugunean baina ez gara konturatzen gibelean prozesu bat dagoela. Alde txarra, denetara ezin ailegatu eta denen gustua egin ez izatea.

Nola ikusten duzu Gartzainen etorkizuna?

Etorkizun ona ikusten diot, gaur egungo gazteria herrian gelditzen ari delakoz. Hori eskolan nabaritzen da, orain 16-17 haur inguru ditugu eta hori aunitz da Gartzain bezalako herri batendako. Gainera, jendeak herrian bizitzeko gogoa du eta elkartasun handia dugu; Baztandarren Biltzarreko orga egiteko, auzolanetan aritzeko… jende pila bat ibiltzen da. Urte aunitzetan horrela izan dadila!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun