Inoiz baino arrakastatsuagoa izan da Onddo Cup Baztango areto futboleko txapelketa solidarioa. Apirilaren 12tik 19ra 14 taldek parte hartu dute torneoaren hirugarren edizioan eta aurten ere Bozka Juniors izan da garaile, Aietzak taldea bigarren eta Estrella Coja hirugarren.
Horrez gain, futbolari hoberenen sariak banatu zituzten antolatzaileek: jokalari onena Javi Oskoz (Aietzak), atezain onena Jokin Arozena (Bozka Juniors) eta gol kopuruan Oihan Sarrateak eta Jon Zabalak berdinketa izan zuten, baina finalera ailegatu zenez, Sarratea (Bozka Juniors) izendatu zuten pitxitxia.
5.000 euro bildu dituzte aurten, joan den urtean baino 2.000 gehiago, eta iaz bezala, lortutakoa Saray Bularreko Minbiziaren Nafarroako Elkartearendako eta Biziraun suizidioz hildakoen familia eta lagunen elkartearendako izan da, 2.500 euro bakoitzarendako.
Antolatzaileek torneoaren «ikaragarrizko giroa» nabarmendu dute, «harmailetan ez zen jende gehiagorik sartzen eta eskertuak gaude alde horretatik. Arras kontent gelditu gara, lan handia izan da baina emaitzak merezi izan du». Heldu den urtera begira, «martxa honetan segitu nahiko genuke».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!