Nola definituko zenuke zeure burua?
22 urteko gaztea naiz, fabrika batean lan egiten duena eta denbora librean etxean lagundu, lagunekin egon eta kirola egiten duena.
Zein dira zure zaletasunak?
Mendira ibiltzera joatea, lagunekin egotea, palan aritzea…
Nondik heldu zaizu pilotarekiko zaletasuna?
Ttiki-ttikitatik gustuko izan dudan kirola da, eta 5-6 urterekin hasi nintzen esku pilotan Txarutarekin.
Geroztik hainbat txapelketetan lehiatu zara, ezta?
Bai, zenbait txapelketa jokatu ditut, beti Txarutan, eta denetik bizi izan dugu, segun eta nolako partida jokatzen genuen; esperientzia onak irabaztean, txarrak galtzean, nerbioak…
Bertze modalitateetan ere aritu izan zara?
Bai, baina bertze modalitateetan ez naiz duela hainbertze hasi. Orain arte beti esku pilotan aritu naiz, nahiz eta orain utzi dudan. Baina bat aukeratu behar banu, esku hutsean gusturago ibiltzen nintzen, nahiz eta gehiago sufritu!
Erratzuko Pala Txapelketa irabazi berri duzu. Lehia polita izan da?
Bai, lehia polita izaten da. Betiko lagunen kontra aritzen gara, bikoteak zozketaz eginda, eta txapelketa akitzeko bazkari on bat egiten dugu.
Palan aritzeko afizioa ikusten duzu Baztanen?
Bai, nik uste afizioa badela palan aritzera, frontoian bezala, trinketean jende aunitzek jokatzen du.
Erreferentziazko pilotaririk baduzu?
Aunitz gustatzen zait Unai Laso.
Pilotarekin betetzea gustatuko zitzaizun helbururik?
Horrela segitzea gustatuko litzaidake eta helburu bezala, momentuan, trinketeko txapelketa irabaztea. Etorkizunean ez dakit Baztandik aparte ere jokatuko duten.
Zein dira zure asmoak epe motzera?
Printzipioz, palan jokatzen disfrutatzea, eta ahal bada txapelketak irabaztea!
Eta epe luzera?
Epe luzera, nork daki…